X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

 

Renoir: intimitatea gure herrialdean Pierre-Auguste Renoir (Limoges, 1841-Cagnes-sur-Mer, 1919) margolari inpresionista frantsesari buruz egiten den lehenengo atzera begirako erakusketa da. Iazko udazkenean aurkeztu zen Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoan, bertako zuzendari artistikoa den Guillermo Solanaren komisariotzapean, eta, orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai maiatzaren 15era arte, BBKren babesari esker.

Bilbon, mundu zabaleko museo eta bildumetako 64 margolan egongo dira ikusgai: Parisko Musée Marmottan Monet eta Musée Picasso, Chicagoko Art Institute, Londreseko National Gallery, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art edo Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museokoak, besteak beste.

Margolan horiek hautatu dira, Renoirren ibilbide osoan iraun zuen estiloaren ezaugarri bereizgarri bat nabarmentzeko: pinturaren ukipen-balioei ematen dien garrantzia. Horri dagokionez, Jean Renoir zinegileak honako hauxe idatzi zuen aitari buruz: "loreei, emakumeei eta zeruko hodeiei begiratzen zien, beste gizon batzuek ukitu eta laztandu egiten dituzten moduan". Horrela, erabat ikusizkoa zen inpresionismoaren aurrean, Renoirren mihiseek ukimenarekin lotutako zentzumenezko faktoreak sustatzen dituzte; esate baterako, bere modeloen larruazala edo ilea edo lorategiko adarrartea. Ezaugarri bereizgarri hori, gainera, landu zituen genero guztietan antzematen da, hau da, erretratuetan, biluzietan, taldeen eszenetan, paisaietan eta natura hiletan.

Era berean, Renoirrek margotu zituen erretratu ugarietan modu berezian antzematen den beste ezaugarri bat ere nabarmenduko da erakusketan, artista bera gainerako margolari inpresionistetatik bereizten duena: modeloarekin eta ikusleekin etengabe bilatutako enpatia. Horretarako, konposizioetan, irudikatutako subjektua bera da nagusi, baina, aldi berean, mundu pribatuko eszenak miresteko gonbita ere egiten diete ikusleei. Erakusketako ibilbideari esker, ikusi ahal izango dugu margolariak bolumenaren, materiaren edo testuraren iradokizunak darabiltzala, erotikoa ez ezik, soziala, lagunartekoa edo familiarra ere baden intimitateko eszenak irudikatzeko.

Hartara, Renoirren konposizioetako giro bereziaren eta bere pintzelkadaren sentsualitate finaren ondorioz, harreman estua sortzen da ikuslearen eta margolanaren artean. Izan ere, artistak berak iradokitzen zuenez, bere margolanak hurbiletik ikusi behar ziren, eta, horrez gain, lehen planoa, begiraden jokoa edo antzeko baliabideak ere bazerabiltzan, eszenan bertan inplikatu gaitezen. Betidanik, argi eta garbi adierazi zuen pintura inpresionistaren dogma gaitzesten zuela, horren arabera margolana distantzia egokitik ikusi behar zelako, pintzelkaden nahasketa optikoak azken irudia erretinan bertan eratu zezan.

 

Erakusketako ibilbidea

 

Sarrera: intimitatea

Renoirren izenak atari zabaleko talde-dibertsioko irudiak dakarzkigu gogora, baina bere margolan gehienetan giro pribatuetan garatutako eszenak dira nagusi: lorategian oinez dabilen figura, pianoa jotzen ari den emakumea, irakurtzen ari diren bi neskatila... Hori guztia, Jean Renoir semeak honelaxe azaldutako margolariaren jarreraren adierazgarri da: «modeloak margotzean, ez zituen kanpotik ikusten, haiekin identifikatzen baitzen eta bere erretratua izango balitz bezala margotzen baitzituen». Ibilbidearen hasieran, ikusleak Renoirren margolanen munduan murgilduko dira, 1864tik 1872ra bitartean egindako emakumeen lau erretraturen eskutik.

 

Inpresionismoa

Hemen, 1870eko hamarkadako margolanak daude ikusgai; margolan hauek Renoirren espiritu inpresionistenaren erakusgarri dira, era guztietako baliabide estilistikoak agertzen baitira. Besteak beste, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoko bildumakoa eta erabat inpresionista den Emakumea eguzkitakoarekin, lorategi batean margolaneko paisaia loretsua miretsi ahal izango dugu, baita Le Moulin de la Galette ospetsua prestatzeko estudioa ere. Atal honetan, gainera, erretratu ezin adierazgarriagoak ere egongo dira ikusgai; esate baterako, Parisko Musée Marmottan Monet museoan dauden Moneten eta emaztearen erretratuak edo Chicagoko Art Instituteko Emakumea pianoan.

 

Enkarguzko erretratuak

1877ko Hirugarren Erakusketa Inpresionistan, Renoirrek azken aldiz parte hartu zuen zuzenean. Harrezkero, taldetik urrundu, eta, lengoaia inpresionista erabat bertan behera utzi gabe, bere estiloa berritzen hasi zen. Horretarako, tradizio klasikoko erreferenteak hartu zituen, eta marrazkiaren inguruko ardura handiagoa erakutsi zuen bere konposizioetan. Hartara, honakoak izan zituen inspirazio-iturri: XVIII. mendeko pintura –Fragonard, Watteau edo Boucher–; Errenazimentua –Michelangelo edo Rafael– eta, bainularien kasuan, Tiziano edo Rubens; eta XX. mendeko beste artista batzuk –Bonnard, Matisse, Modigliani edo Picasso–.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik eta hurrengo hamarkada osoan, enkarguzko erretratuetan bilatu zuen aintzatespena, baina, batez ere, emakumeen eta umeen erretratuetan. Hori dela eta, Parisko gizarteko eskari handieneko margolarietako bat izan zen. Atal honetan, Renoirrek hiru hamarkadatan margotutako erretratu ospetsuenetakoak daude ikusgai. Besteak beste, Durand-Rueltarrei eskainitako seriea eta Thurneyssen andrearen eta alabaren erretratua nabarmentzen dira. Atal honetan bertan ere, Eguneroko plazerak epigrafepean, emakumeei –bakarrik edo taldean, oro har, gazteak eta barruko aldean– eskainitako margolanak daude ikusgai. Guztiak jardueraren batean buru-belarri ari direnez (esate baterako, musika, irakurketa edo toilettea), ez diete ikusleei erreparatzen. Margolan hauetan, Renoirrek berak mirestera gonbidatzen gaituen mundu pribatua partekatzen du gurekin.

 

Iparraldeko eta hegoaldeko paisaiak

Inpresionista gehienen aldean, Renoir giza irudiaren margolaria izan zen ezeren gainetik. Hori dela eta, formatu txikian egin zituen paisaiak paletaren eta egikera piktorikoaren bidez saiakuntzak egiteko eremua izan ziren. Atal honetan, honakoak daude ikusgai: Normandiako eta inguruko bistak –esate baterako, New Yorkeko Metropolitan Museum of Arteko Moulin Hueteko badiaren inguruko muinoak, Guernsey–, Kostalde Urdineko edo Provenceko bistak –bertan, motiboak partekatu zituen bere adiskidea zen Cézannerekin, Sainte-Victoire mendi ikonikoa, adibidez– edo bizitzako azken urteetan bizileku izan zuen Les Collettes finkako bistak. Era berean, Italiako hegoaldeko zenbait leku ere agertzen dira; Salernoko badia, esaterako.

 

Familia eta bere ingurunea

1885ean Pierre semea jaio zenetik, familia-giroko gaiak eta etxeko eszenak sarritan agertzen ziren Renoirren margolanetan. Atal honetan, honakoak daude ikusgai: Aline emaztearen irudiak –Amatasuna pastela, esaterako–, semeen lehen haurtzaroko irudiak –Coco, zopa hartzen– edo 1892an Renoirrek Prado Museoan miretsitako Velázquezen Baltasar Karlos printzea, ehiztaria margolanean inspiratutako Jean nerabearen erretratu handia. Halaber, familia-giroko beste emakume batzuk ere agertzen dira; esate baterako, bere modelo gogokoenetakoa izandako Gabrielle umezaina edo Renoir hil ostean Jean semearekin ezkondu zen Dédée.

 

Bainulariak

Emakumeen biluzia Renoirren pinturako gai nagusietako bat izan zen hasiera-hasieratik. Genero hori tradizio akademikoarekin lotuta zegoenez, ez zetorren bat inpresionisten interesekin. Izan ere, Degasek izan ezik, oso-oso gutxitan jorratu zuten. Renoir bera biluziak margotu zituen lehena izan zen, Londreseko National Galleryko Ninfa, erreka baten alboan margolanean antzematen den bezala. Geroago, 1880ko hamarkadan inpresionismotik aldendu zenean, are garrantzi handiagoa hartu zuen biluziak. Ez da batere erraza Renoirren biluzi berantiarrak sailkatzea. Emakumeen gorputza naturarekin uztartzea omen zen margolariaren asmoa, baina biluzi batzuk barruko aldean agertzen dira. Era berean, bere bainularien denborazkanpokotasuna ere nabarmendu da, baina batzuen soinekoak eta kapelak modernoak dira. Egia esan, buru txikiko eta gorputz handiko irudi neurrigabe bezain monumental horiek Michelangelo, Tiziano edo Rubens dakarzkigute gogora, eta, horrez gain, Bonnarden, Matisseren, Modiglianiren eta Picassoren mirespena ere sorrarazi zuten. Azken hori, hain zuzen ere, Euridize izeneko bainularia, paisaia batean eserita margolanaren jabea izan zen.

 

Irudian:
Emakumea pianoan, 1875-1876
Olioa mihisean. 93 × 74 zm
The Art Institute of Chicago
Mr. eta Mrs. Martin A. Ryerson Bilduma

Babeslea:                                            Laguntzaile:
Renoir: intimitatea

Zerrendara itzuli