X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Azaroaren 28tik abenduaren 1era bitartean Bilbon ospatuko den Grabatu Garaikidearen Nazioarteko 2. Jaialdia (FIG) dela-eta, Sardinia deszifraezina. Grabatutako zeinua erakusketa aurkeztuko da museoko 33. aretoan. Erakusketan, Sardinia irla italiarreko hamar artistaren lan grafikoen aukeraketa zabala jarriko da ikusgai. Erakusketak, guztira, 133 artelan eskaintzen ditu; horietatik, 109 Sardiniako Grabatu Eskolako bost ordezkarirenak dira –eskola hori joan den mendeko lehenengo erdian garatu zen–, eta gainerako 24ak beste hainbeste artista sardiniar garaikidek egin dituzte.

Museoak jaialdiarekin egin duen lankidetza berri honek jarraipena ematen dio 2012ko abenduaren eta 2013ko martxoaren artean egin zenari; orduko hartan, Giovanni Battista Piranesi maisu grabatzailearen 250 estanpa jarri ziren ikusgai lehengo eraikineko aretoetan.

Erakusketa honen lehenengo zatian, XIX. mendearen amaieraren eta XX. mendeko lehenengo hamarkaden artean lan egin zuten bost grabatzaileren obrak daude bilduta. Artista horien lanak oihartzun handia izan zuen, Veneziako Bienaleko hainbat ediziotan parte hartu zutelako. Giuseppe Biasi, Mario Delitala, Stanis Dessy, Carmelo Floris eta Felice Melis Marini dira bost grabatzaile horiek. Euren ehun grabatu baino gehiago daude ikusgai, denak ere Cagliariko Museo Zibikoetako fondoetatik ekarritakoak. Oro har, akuaforteak (metalezko plantxetatik abiatuta egindako grabatuak) paisaiaren balio lirikoak lortzeko aplikatzen dira, eta teknika xilografikoa (egurrezko matrizeetatik abiatuta egindako grabatuak) pertsonaia sardiniarrak taldeka edo bakarka irudikatzeko erabiltzen da sarri askotan, erretratu sakon eta errealisten bitartez; erretratu horiek, batzuetan, arlo folkloristen deskribapenarekiko interesa ere erakusten dute. Denek islatu dituzte euren lanetan irlako paisaiak eta ezaugarri antropologikoak.

Bigarrenik, alde garaikidean, gaur egun jardunean dauden artista sardiniarrik berritzaile eta esperimentalenen lanak egongo dira ikusgai: Veronica Gambula, Vincenzo Grosso, Gabriella Locci, Rosanna Rossi eta Andrea Spigaren obrak, hain zuzen ere. Atal honetako artelanek teknika tradizionalak zein esperimentalak erabiltzen dituzte, argazkia edo teknologia digitala bezalako beste hizkera batzuekin nahasita. Kasu honetan ere, mugarri esanguratsuak daude bost artisten ibilbidean; esate baterako, Veneziako Bienalean edo nazioarteko beste deialdi batzuetan parte hartu izana. Obra horietako asko formatu handikoak dira, eta artisten beraien tailerretatik edo Casa Falconieri –grabatuari buruzko ikerketa-zentroa, Cagliarin sortua 1992an– erakundearen fondoetatik ekarritakoak dira; aldiz, beste batzuk beren-beregi daude eginda erakusketarako.

 

Sardiniako Grabatu Eskola (XX. mendearen lehenengo erdia)

Giuseppe Biasi (1885-1945) izan zen xilografiari (edo egurrean egindako grabatuari) hasiera eman ziona Sardinian. Bere estanpa narratiboetan, Sardiniako mundu tradizionaleko pertsonaiak, erritualak eta zereginak irudikatzen ditu, asmo dekoratibistarekin. Epikoagoa da Mario Delitalaren (1887-1990) tonua; izan ere, azken horren ekoizpena, batez ere, gai alegorikokoa da, eta grabatuaren eskema klasikoak jarraitzen ditu. Modu horretan, begirune osoz, gizaki serio eta garrantzitsuek bizi duten ingurua deskribatzen du. Bere obren artean, grabatu xilografikorako egurrezko lau plantxa original ere badaude. Stanis Dessyk (1900-1986) kolore zuri eta beltzen arteko kontrastearen erabilera bikainaren bitartez aztertzen du errealitatea. Carmelo Florisek (1891-1960), bere xilografia eta akuaforteen bitartez, giza figura irudikatzen du, eta, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, tonu eta giro gozoz tratatu izan ditu figura horiek. Azkenik, Felice Melis Marinik (1871-1953) lirismo sakoneko eta maisutasun tekniko handiko paisaiak sortu zituen bere plantxetan. Gainera, arte grafikoaren alde egin zuen, 1916an grabatuari buruzko L’acquaforte. Manuale pratico (Akuafortea. Gidaliburu praktikoa) gidaliburua argitaratzean.

 

Grabatzaile sardiniar garaikideak

Erakusketaren bigarren zatiak hizkera eta teknika garaikidearen bilakaeraren berri ematen du, Veronica Gambula, Vincenzo Grosso, Gabriella Locci, Rosanna Rossi eta Andrea Spigaren lanen bitartez. Bost artista horiek grabatugintza sardiniarraren gaur egungo birdefinizioaren erakusgarririk onenak dira. Estanpazio tradizionalaren oinarrian zenbait elementu daude: grabatua neurri txikiko paperezko euskarri batean egiten da, ekoizpena seriean egiten da, eta teknika-kopuru nahiko mugatua erabiltzen da. Alabaina, erakusketa honetarako aukeratutako artista garaikideek lantzen duten grabatuaren ideian, tekniken ugaritasuna (bakarka edo elkarren artean uztartuta) izugarri handitu da, estanparen neurriak askoz ere handiagoak dira, eta pieza bakarrak serieko edizioaren tokia hartu du. Asmo esperimental hori Gabriella Locci eta Rosanna Rossiren lanetan nabarmentzen da bereziki.

Veronica Gambula (Carbonia, 1980) bi obrarekin dago ordezkatuta. Formatu handiko bi lanetan, gai errepikakor bat da konposizio handiak egiteko oinarrizko unitatea. Jendetza baten parte izaterakoan, pertsonaia ñimiñoak bere konnotazio narratiboak galtzen ditu, eta irudiaren elementu egituratzaile bihurtzen da, bai eta masako sentimenduaren eta kontzientzia indibidualaren arteko pultsu garaikidearen metafora ere. Besteak liburu baten neurriak ditu, eta kontakizun finak sortzen ditu, 1990eko hamarkadan sortutako irudikapen femeninoen korrontearekin bat etorriz, figura estilizatu eta soiletik abiatuta.

Vincenzo Grossok (Nuoro, 1977) testuinguru sozialean jartzen du interesa, kutsu ameslariko hiri-panoramikekin. Bertan, eraikin modernoak agerpen fantasmagoriko bihurtzen ditu. Masaren eta bolumenaren balioen distortsioa, ikuspuntu baxua, zeru hutsa eta grabatuaren dentsitatea dela-eta, hondakin mehatxagarrien itxura hartzen dute, eta, beraien bitartez, Grossok salatzen du boterea zaharkituta geratu dela (arkitekturak ordezkatzen du boterea, hain zuzen ere).

Gabriella Loccik (Cagliari, 1950) zeinuaren askatasunean eta keinuaren energian oinarritutako abstrakzioa lantzen du, eta ezaugarri horiek oso formatu handietan edo sekuentzietan agertzen dira. Kolore beltzen potentziak hutsune ilunak osatzen ditu, argi zuriko distirek edo dirdira gorrixkek argiztatuta. Batzuetan, kolore beltzak indar dramatiko handiko forma konpaktuak sorrarazten ditu. Obra batzuetan, gainera, elementu narratiboak sartzen ditu grabatuaren, argazkiaren edo pinturaren erabileraren bitartez. Inprimatzearen bidimentsionaltasuna ere zalantzan jartzen du, irudiek espazioan hedatzeko duten joera indartzen duten efektu plastikoen bitartez.

Rosanna Rossiren (Cagliari, 1937) ikerketa gainazalean oinarritzen da. Bere grabatuetan, mihiseetan bezala, argi-bibrazio txiki eta etengabeko batek hartzen du protagonismoa. Irudiaren ezaugarri formalak, zeinuaren ugaritzea eta argiaren eta kolorearen arteko pultsazioa kontuan hartuta, badirudi euskarriaren mugak gainditu nahi direla. Bere obran, harrigarria da argiaren dardara xilografia bidez lortua izatea (argiak papera kizkurtzen du, uhin-itxura emanez); izan ere, teknika hori ez da oso egokia hain efektu leunak lortzeko.

Andrea Spigak (Cagliari, 1972) giza figura eta, bereziki, aurpegia hartzen du bere ekoizpeneko gai nagusi gisa, bai autorretratuetan zein erretratuetan; bertan, trazu fotografiko, zehatz eta analitikoz deskribatzen ditu hazpegiak. Bere grabatuen naturalismoak kontrastea egiten du irudiaren zatiketarekin eta testuingurutik kanpo duen izaerarekin. Spigak collageak balira bezala tratatzen ditu aurpegiak, existitzen ez diren gainjartzeak eta tolesak simulatuz. Gorputzaren osotasunaren eta pertsonaien adierazpen intentsuaren bortxaketa horrek ez du, hala ere, dramarik edo estutasun existentzialik iradokitzen. Aitzitik, Spigak presentzia indibiduala baliogabetzen du, hazpegi markatuko maskara horien azpian.

Irudian:
Mario Delitala (Orani, 1887-Sassari, 1990)
Il Ballo di Torpè (Torpèko dantza)
Xiligrafia
Musei Civici Cagliari bilduma





Sardinia deszifraezina

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Sardinia deszifraezina

Zerrendara itzuli