X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiliko ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, zeure lehentasunak aldatu edo informazio gehiago jaso ahal izango duzu. Nago ados

Erakusketak

Erakusketa honek Alberto Schommer (Vitoria-Gasteiz, 1928) argazkilariaren figura eta ibilbide luzea aztertzen ditu. Schommer azken hamarkadetako sorkuntza espainiarreko argazkilaririk aipagarrienetakoa da, eta bere garaiko korronte artistikoetan gehien sartu denetako bat. Pintura arloko hasierako dedikaziotik, Schommerrek jatorri ugariko eraginak ezagutu eta jaso zituen; besteak beste, Benjamín Palenciaren paisaia postkubistak, surrealismoa, Antonio Lópezen natura hil errealistak, informalismoa edo hirurogeiko hamarkadako abangoardia esperimentala. Hain zuzen ere, Schommer Espainiako argazkilaririk ezagunenetakoa bada, erretratuaren generoagatik da. Duela ia berrogei urtetik hona, hainbat erretratu argitaratu ditu komunikabide ugaritan, eta, bertan, boterea, ekonomia eta kultura eszenifikatu ditu; modu horretan, Espainiako azken urteotako historiari buruzko friso zabala osatu du.

Atzera begirako sekulako erakusketa honetarako hautatutako ehun lan baino gehiagoko sortaren artean, besteak beste, vintages lanak eta lehen garaiko kopia modernoak daude, bai eta zenbait sailetako argazkiak ere (Paisaia beltzak, Maskarak edo Kaskografiak sailetakoak, besteak beste). Lan horien bitartez, Schommerrek 1978tik gaur egunera arte argitaratu dituen liburuak errepasatzen dira. Erakusketaren azken atalean, fotomuntaiak eta pieza bolumetrikoak egongo dira ikusgai. Erakusketa hiru ataletan banatuta dago Hasierako garaia, Paisaiak eta hiriko eszenatokiak, eta Esperimentazioa eta eszenaratzea, eta komisarioa Schommerren lanean aditua eta argazkigintzaren teorikoa den Alejandro Castellote izan da.

Schommerren lana herrialde askotan erakutsi izan da, eta nazioarteko panoramako aldizkaririk ospetsuenek ere argitaratu dituzte bere argazkiak. Bere ibilbide profesional luzean, hainbat eta hainbat sari jaso izan ditu, eta mundutik zehar egin dituen bidaiei buruzko erreportajeen berri ematen duten hirurogeita hamar liburutik gora argitaratu ditu. 1996an, San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartu zen, eta, joan den 2009an, Kultura Ministerioak Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eman dio.

Berrogeita hamarreko hamarkadan argazkigintza espainiarreko mugimendu berritzaileekin izan zuen harremanetik, Schommerren ibilbide luzea erronka formalez beteta egon da, Irving Penn eta William Kleinen hasierako lanaren eraginpean; izan ere, argazkigintzaren izaera artistikoa defendatu nahi izan du beti. Bere erreportaje, natura hil, paisaia, erretratu eta kaskografiak Espainiako memoria bisualaren eta argazkigintzaren historiaren parte dira dagoeneko.

 

SCHOMMER. ATZERA BEGIRAKOA 1952-2009.

Alberto Schommer Gasteizen jaio zen 1928an. Pintura, zinema eta argazkigintzarekiko interesa agertu zuen, eta, hain zuzen ere, argazkiak egiten hasi zen bere aitaren estudioan; izan ere, aitak, Albrecht Schommer Koch argazkilari alemaniarrak, estudioa zeukan Gasteizen, 1922tik.

1952an argazkigintza ikasi zuen Hamburgen, eta Europa osotik bidaiatu zuen. Une hartan, Otto Steinerren Subjektive Photographiedelakoa Bauhausen objektibotasunaren aurka azaldu zen. 1958an, Espainiako argazkigintza berritzeko AFAL mugimenduarekin jarri zen harremanetan, eta, urte hartan bertan, Parisera joan zen, Balenciagarentzat moda-argazkilari gisa lan egitera, baina, hilabete eskas geroago, Gasteizera itzuli zen, aitak hala eskatuta. Esperimentazio-urte haietan, estudioko erretratuan, natura hilean eta izaera humanistako argazkigintza dokumentalean saiatu zen.

Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, pintura betiko utzi zuen albo batera, eta argazkigintza industrialeko lehen enkarguak onartu zituen, besteak beste, Francisco Sáenz de Oiza arkitektoarentzat. Erakusketa arrakastatsuak hasi zen egiten Espainiako zenbait hiritan. 1965ean, estudioa ireki zuen Madrilen, eta erakusketa bat egin zuen Kolonian. 1966an, artista arabarrez osatutako Orain taldearen sortzaileetako bat izan zen. Madrilen, garai hartako proposamen abangoardistak biltzen zituen ZAJ kolektiboarekin egon zen harremanetan.

Hamarkadaren amaieran, publizitate-argazkigintzan murgiltzen hasi zen, eta, 1971n publizitate arloko zinema eta argazkigintzari eskainitako plato handi bat muntatu zuen. Urtebete geroago, ABC egunkariak enkargua egin zion igandeetako gehigarrirako zenbait erretratu egiteko, eta argazki horiek, lehendik ere egindako beste batzuekin batera, Erretratu psikologikoak sail ospetsua osatu zuten. Erretratuak egiteko zeukan moduak oihartzun handia izan zuen hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, eta bere argazkiak Trantsizioaren irudizko kronikak izatera heldu ziren.

1973 eta 1974. urteen artean, bere lehenengo "kaskografiak" egin zituen; berak asmatutako teknika da, eta, horren bitartez, argazki-paperaren deformazioaren ondoriozko aukera formalak aprobetxatzen ditu. Denborarekin, prozedura hori bilakatuz joan zen, argazkiei hirugarren dimentsioa ematen zieten eskulturak sortu arte.

1976an, El País egunkariarekin kolaboratzen hasi zen, eta hantxe argitaratu zituen Eliza espainiarra lebitazioan, Talde politikoak eta Frankismoaren desmuntaketa sailak. 1978an, Herri baten oihua argitaratu zuen, Gipuzkoa hizpide hartuta. Urte hartan, Espainiako Errege Etxeak gonbit egin zion erregeen lehenengo argazki ofizialak egiteko, eta, ondoren, euren bidaietan ere beraiekin jarraitu zuen. 1986ra arte, bost kontinenteetatik bidaiatzen jarraitu zuen.


Irudian:
Bodegón (zatia), 1961
Argazki zuri-beltzean
57,7 x 42,3 cm

Babeslea:

Schommer. Atzera begirakoa 1952-2009

Zerrendara itzuli