X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Banco Santander Fundazioak babesten duen Obra Gonbidatua programaren 2015eko lehenengo deialdiak Cristina Iglesias (Donostia, 1956) artistaren pieza bat aurkezten du museoan; hain zuzen ere, Iglesias nazioarteko panoramako eskultorerik ospetsuenetakoa da. Lana Banco Santander Bildumakoa da, eta 1990ean dago datatuta. Artistaren beste proposamen batzuetan bezala, argia funtsezko osagaia da hemen, eta erabilitako materialaren ezaugarri bereziek nabarmendu egiten dute hori. Alabastroa material zeharrargia eta delikatua denez, kanpoko argitasuna jaso eta proiektatzen du, leku gozoa sortzeko. Hain zuzen ere, horrexegatik, pieza ez dago ikusgai museoko aretoen barruan, ezpada lehengo eraikina eta eraikin garaikidea lotzen dituen elkargunean dagoen kristalezko espazioan; izan ere, toki horrek beharrezkoa den argi naturala jasotzen du, neurri handiko (90 x 198 x 80 cm) obra honen gaitasun espresiboak indartzeko.

Zientzia Kimikoetako ikasketak Donostian hasi ostean, eta Bartzelonan marrazketa eta zeramika ikasi ostean, Cristina Iglesias Londresera joan zen bizitzera, bere prestakuntza artistikoari Chelsea School of Art delakoan jarraipena emateko (1980-1982). Itzuli zenean, karrera ezin biziagoari ekin zion eskultore gisa, eta, ondorioz, 1999an, Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen. Nazioarteko lehiaketarik ospetsuenetan hartu izan du parte, eta Veneziako Bienaleko 1986ko eta 1993ko edizioetako espainiar pabiloian erakutsi ditu bere obrak. Era berean, enkargu publiko ugari ere jaso ditu; esate baterako, Atea-Atalasea (2006-2007), Moneok Prado Museorako egin zuen zabalkunderako sarbide gisa erabiltzen dena; Gauerdiko iparrorratza, Eusko Legebiltzarrak Gasteizen duen egoitzarako (2008); edo duela gutxi egindako Hiru ur instalazioa, Toledon,Grecoren heriotzaren laugarren mendeurrena oroitzeko ekitaldien barruan (2014). Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak Cristina Iglesias: Metonimia izeneko atzera begirako handia eskaini zion 2013an.

Hormigoiz edo erretxinaz egin zituen hasierako lanetatik hasi eta gaur egun lantzen dituen sareta, sabai eseki eta iturrietaraino, Iglesiasek izaera handiko ekoizpen artistikoa sortu izan du –eskulturak, instalazioak eta esku-hartzeak espazio naturaletan eta hiri-espazioetan–, eta ekoizpen horrek arretaz zaintzen ditu bere obren osagaien ezaugarri fisikoak zein beste ezaugarri immaterial batzuk; adibidez, argia edo espazioa. Xehetasun bakoitza zehaztasun osoz dago pentsatuta, marraztuta eta eginda, eta, bere sorkuntza-prozesuan, burdinaren, zementuaren, zinkaren, kristalaren, alabastroaren, egurraren edo uraren ehundura, pisua edo kolorea interes handiko elementuak dira, baina, era berean, interesgarria da jakitea obren gorpuztasunak (batzuetan handiak izaten dira) nola okupatzen duen eta nola jokatzen duen espazioan.

Cristina Iglesiasen ibilbidean arkitektura eta natura gainjartzen dira, eta arte barrokoaren land art delakoaren, minimalismoaren edo arte islamiarraren irakasgai teorikoak ere jasotzen dira, erreferentzia espliziturik gabe, hala ere. Hori horrela, artistak bere poetika propioa sortu du, eta ikusleak inplikatu beharra dauka; izan ere, Iglesiasen artelanek atsedenaldirako edo igarobiderako espazioak eskaintzen dizkio ikusleari, edo, kasu honetan bezala, aterpe iragankorrak, argiak modu iheskorrean mugatzen dituenak.


Eskultura honetan, Cristina Iglesiasek elementu arkitektoniko eta funtzionala darabil: teilatutxo kurbatua, hormaren planotik hasi eta ikuslea dagoen tokiraino heltzen dena. Ikuslea teilatutxoak sortutako eremuan sartu daiteke, gorantz begiratu dezake eta argia sumatu dezake, alabastrozko xafletan zehar. Eskulturaren barrualderanzko mugimendu hori eta bertatik erator daitekeen esperientzia artistak berak bilatutako zerbait da; izan ere, dioenez, bere nahia “bertan egotearen esperientzia esanguratsuaz gozatzeko aukera emango zuen leku bat eraikitzea zen”. Cristina Iglesiasek proposatzen dituen espazioetan, emozioak sentitu daitezke. Hormari atxikitako pieza hauek hautsi egiten dute eskulturek “estatua” gisa izan ohi duten antolaketa; izan ere, normalean, oinarri baten gainean jarritako gorputz trinko bertikalak izaten dira, eta inguratu egin daitezke. Aldiz, obra hauekin, eskultura toki deszentratu batean dago, areto baten bazterrean; masarik gabeko formak dira, flotatzaileak eta argitsuak, artistaren beste proiektu batzuetan bezala (airean esekitako sabaiak edo markesinak, esate baterako).


Laurogeiko hamarkadan egin zituen aurreneko sorkuntza-lanetatik hasita, Cristina Iglesiasek bazterreko espazio horiek bilatu izan ditu, esekitako edo horman bermatutako burdin zein zementu piezak erabiliz. Aurrerago, neurria handitu zuen eta arkitekturatik asko duten eskulturak sortu zituen, betiere, giza eskalari eutsiz. Hainbat materialekin lan egiten du: tapizak, kristala, zementua, burdina, aluminioa, serigrafia, alabastroa… Modu horretan, hainbat bide bilatzen ditu bere ideiak gauzatzeko, koloreak eta ehundurak aurkitzeko, eta formei ukimen-zentzu indartsua emateko. Alabastroa, bakarka edo zementuarekin batera, laurogeita hamarreko hamarkadan egin zituen obra askotan agertzen da. Material argitsua da, eta, zeharrargia ere badenez, eliza erromanikorik zaharrenetan erabili zen, horma lodietan irekitako leihotxoetan. Argi fin batek zeharkatzen du eskultura hau, zeina, aldi berean, eta paradoxikoki, estalki babeslea eta mintz arina ere baden, bere zainekin, edertasunarekin eta hauskortasunarekin.

 


Texto: Carmen Bernárdez
Madrilgo Complutense Unibertsitateko Geografia eta Historia Fakultateko Arte Garaikidearen Saileko irakasle titularra

 

Cristina Iglesias (Donostia, 1956)
Izenbururik gabe. 1990
Alabastroa. 90 x 198 x 80 cm
Banco Santander bilduma

Babeslea:

Izenbururik gabe

Zerrendara itzuli