X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Telefónicaren bilduma kubistako artelanen aukeraketa, orain Bilboko Arte Ederren Museoan aurkezten dena, 1912 eta 1933. urteen artean datatutako 39 obraz dago osatuta, denak ere kubismoaren ordezkaririk onenetako batzuek egindakoak. Juan Gris madrildarraren 11 margolanez osatutako hasierako multzotik abiatuta, Albert Gleizes, Rafael Barradas, María Blanchard, Jean Metzinger, Louis Marcoussis, André Lhote, Joaquín Torres-García, Manuel Ángeles Ortiz, Vicente do Rego Monteiro, Auguste Herbin, Georges Valmier, Xul Solar, Joaquín Peinado eta Emilio Pettorutiren lan esanguratsuak daude bertan bilduta.

Azken hamarkadan adituen batzorde batek sortu duen bilduma honetako artelanen lehenengo aukeraketa Madrilen aurkeztu zen 2005eko urtarrilean, eta, geroztik, lan gehiago eskuratu dira eta bilduma hainbat hiritan erakutsi da: Bartzelonan, Valladoliden, Pontevedran, Santiagon (Txile), Buenos Airesen eta Neuquénen (Argentina), Liman, Sao Paulon, Bruselan, Duisburgen (Alemania) eta Beijingen, hain zuzen ere.

Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoko arte garaikidearen aretoan bisitatu ahal izango da datorren urteko otsailaren 16ra arte, Telefónica Fundazioari esker. Hain zuzen ere, erakunde horrek modu ohikoan kolaboratzen du museoarekin, bere bildumako obra nabarmenak lagaz beste erakusketa batzuetarako; esate baterako, bi margolari surrealistari buruzko erakusketetarako: René Magritteren erakusketarako 2011n, eta Paul Delvauxi buruzkorako, aurten bertan.

 

Kubismoa eta Telefónicaren bilduma kubista

Kubismoa XX. mendeko abangoardia artistikoetako mugimendu nagusietako bat da. Parisen sortu zen joan den mendeko lehenengo hamarkadan, Cézannek perspektibari eta pertzepzio bisualari buruz zituen ideia berritzaileak abiapuntu gisa hartuta, eta konplexutasun eta zabalkunde handiak hartu zituen berehala. Telefónicaren bilduma kubistak agerian uzten du proposamen kubisten aniztasuna, zuten nazioarteko izaera, eta, ezaugarri bereizle gisa, artista espainiar eta latinoamerikarrek mugimendu horretan izan zuten parte-hartze garrantzitsua.

Pablo Picasso eta Georges Braque izan ziren mugimendu honen sortzaileak, eta, joera honen bitartez, pintatzeko modu iraultzailea inauguratu zen: pintatzen hasi baino lehen, azterketa-lan handia egin behar izaten zen, eta, gero, errealitate deseraikia irudikatu behar zen, elkarri lotutako zenbait planoren bitartez. Ohiko perspektibari uko egitea, xehetasunik ez egotea, paleta soila eta formen geometrizazioa dira hasierako kubismoaren edo “kubismo analitikoa” deitutakoaren (1909-1912) ezaugarriak, eta, hain zuzen ere, ezaugarri horiek koadroaren izaera bidimentsionala defendatzen zuten.

Modu horretan, kubismoak betiko aldatu zuen eguneroko objektuen (pipak, mahaitxoak, musika-tresnak, botilak, egunkariak, fruta-ontziak…) izaera islatzeko modua. Horren ondorioz, gainera, artelanak ikusteko modu berria sortu zen; hain zuzen ere, modu berri horren bitartez, ikusleak erritmo propioaren arabera ezarritako formak, lerroak eta koloreak zeharkatzen ditu, eta, ondorioz, ez da soilik behaketa sentsoriala pizten, ezpada berreraikitze-ariketa intelektuala ere. Hori da Picassok “pintura puru” gisa definitu zuena: irudikatzeko modu bat, zeinaren asmoa ez baita koadroa errealitatearen ilusio bihurtzea.

Gainera, pintatutako edo moztutako letrak eta hitzak sartzen dira, bai eta egunkarietako paperen edo pintatutako paperen zatiak ere. Paper horiek olio bidezko pinturarekin edo marrazkiekin uztartzen dira. Papiers collés izenekoak dira. Braquek eta Picassok eman zieten hasiera 1912-1914. urteen artean, eta, ondoren, zabalkunde izugarria izan zuten collage izen generikoarekin.

1910etik aurrera, beste zenbait margolari ere sartu ziren mugimenduan, eta kubismoa 1911ko Parisko Independenteen Aretoan aurkeztu zen publikoki. Handik gutxira, Juan Grisek Picasso eta Braqueren lekukoa hartu zuen, eta, 1916 eta 1925. urteen artean, kubismoaren bigarren aroa edo “kubismo sintetikoa” sortu zen, era horretan mugimendua berriro definituz. Adiera berri horretan beste artista askok parte hartu zuten; esate baterako, Vicente Huidobro, Albert Gleizes, Jean Metzinger, André Lhote edo María Blanchardek. Garai horretan, kolorea intentsuagoa zen eta formak dekoratuago zeuden. Geometria leundu egin zen eta planoak gainjarri egiten ziren. Konposizioaren sakontasuna eta espazio-sentsazioa areagotu egin ziren.

Juan Grisek hitz hauekin laburbildu zuen 1925ean: “Gaur, jakina, konturatzen naiz kubismoa, hasieran, mundua irudikatzeko modu berria baino ez zela. Ondo dakit, hasieran, kubismoa analisia zela… orain, objektuen arteko harremanen adierazpenaren ondorioz atzoko analisia sintesi bihurtu denez, ezin da horrelako kexarik plazaratu. Kubismoa deitzen zena alderdi bat baino ez bada, kubismoa desagertu egin da; estetika bat bada, pinturan sartu da...”.

Telefónicaren bilduma kubistak agerian jartzen du kubismoaren hizkera, teknika eta erregistroen aniztasuna, bai eta abangoardiako beste ismo batzuetan izan zuen proiekzio zabala ere. Adibidez, futurismoak, abstrakzio geometrikoak, konstruktibismoak edo surrealismoak kubismoaren aukera plastikoetako asko hartu zituen. Planoetan egindako deskonposizioak eta ikuspegi zatikatuak interpretaziorako aukera ugari eskaini zituzten, eta horren ondorioz pinturaren inguruan sortu zen ideia, ordura arte ezagutu gabea zena, modernitate osoan txertatu zen betiko.

Kronologikoki, erakusketa Juan Grisen hastapeneko Verres, journal et bouteille de vin lanarekin (1913) hasten da. Formatu txikiko margolana da, egilearen ohiko harmonia kromatikoa eta planoekiko deskonposizioa erakusten dituena. Marrazkiarekin nahasitako collagearen teknikak hainbat xehetasun ematen dizkio ikusleari, eta xehetasun horiek pista gisa jokatzen dute, izenburuak aipatzen dituen objektuak modu intelektualean berrosatu ahal izateko.

Juan Grisen lagun izandako María Blanchardek aro kubista geometrikoa izan zuen 1916tik 1919ra. Garai laburra izan arren, buru-belarri murgildu zen printzipio kubistetan, eta araztasun geometriko handiko natura hilak egin zituen. Gainera, emakume artistek XX. mendeko abangoardiari egin zioten ekarpen garrantzitsuaren ordezkaria ere bada Blanchard. Grisekin batera, Blanchardez gain, Albert Gleizes, Jean Metzinger eta André Lhote egon ziren. Gleizes da bilduman ondoen ordezkatutako bigarren egilea, 1917tik 1925era bitarteko bost artelanekin. Lan horien artean, Jean Cocteau idazle, margolari eta zinegile frantsesaren erretratua dago, abangoardiako pertsonaia erreferentziala izandakoa. Metzingerrek estu kolaboratu zuen Gleizesekin, eta, 1912an, Du cubisme testua argitaratu zuten biek batera. Testu horrek eragin handia izan zuen eta mugimenduaren oinarriak finkatu zituen.

Urte haiexetan, Rafael Barradas eta Joaquín Torres-García uruguaiarrek, Xul Solar eta Emilio Pettoruti argentinarrek, edota Vicente do Rego Monteiro brasildarrak kubismoa bereganatu zuten, eta agerian geratu zen joera horrek Latinoamerikako esperientzia artistikoak modernizatzeko orduan izandako eragina. Rafael Barradasen pinturaren berezitasuna 1920-1922 inguruan datatutako bi erretraturen bitartez ikus daiteke. Kubismoak intentsitate espresibo handia ematen die lan horiei, baina ez dute galtzen generoaren berezko irudikapen-izaera.

Alabaina, kubismoa 1920. urtea baino harago joan zen, nahiz eta, normalean, urte hori jotzen den kubismoaren arorik kanonikoenaren amaiera gisa. Gainera, denboran luze iraun zuen eragina izan zuen artista askorengan, esate baterako, hizkera kubistaren berrinterpretatzaile eta eraldatzaile izandako Manuel Ángeles Ortiz, Louis Marcoussis edo Georges Valmierrengan. Irekitako balkoia eta platera arrainekin (1924) lanean, Manuel Ángeles Ortizek kutsu poetikoa eman zien planteamendu kubistei, eta atzealdeko paisaia ere sartu zuen; aldiz, Marcoussisek, 1926ko natura hil batean, Juan Grisen obran agertu ohi zen klasizismo modernoaren eredua erakutsi zuen.

Obra berantiar horiek guztiek agerian uzten dute mugimendu honen iraunaldia; izan ere, Picassok eta Braquek sortutako joera honek apenas iraun zuen hamarkada bat, baina, eraldaketarako zuen gaitasunari esker, ondare estetiko iraunkorra bihurtu zen.


Irudian:
Juan Gris (Madrid, 1887 – Boulogne-sur-Seine, 1927)
La Chanteuse, 1926
Olioa mihisean. 115 x 83 x 6 cm

Laguntzailea:

Telefónicaren Bilduma Kubista

Zerrendara itzuli