X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Museoak bat egin du FIG Bilbao – Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko Jaialdiaren V. edizioarekin izan ere, Vivanco Fundazioaren bildumako grabatuen aukeraketa bat hartuko du bere aretoetan, unibertso enologikoa abiapuntu hartuta.

Ardoaren kultura. Vivanco Bildumako grabatuaren maisuak erakusketan 76 artelan daude ikusgai, denak ere XV. mendetik hasi eta gaur egunera artekoak, eta sortzaile handiek egindakoak: Andrea Mantegna, Albrecht Dürer, Hendrick Goltzius, Giulio Bonasone, José de Ribera, Lucas van Leyden, Pablo Picasso, Joan Miró, Marc Chagall, Roy Lichtenstein, Antoni Tàpies, Andy Warhol, Paula Rego, Antonio Saura, Eduardo Chillida, Manolo Valdés, Eduardo Arroyo edota Miquel Barcelók, besteak beste. Maisu klasiko eta garaikideak dira, eta euren obrak Ardoaren Kulturaren Vivanco Museoan erakusten ez diren funtsen parte dira.

Erakusketak ibilbide zabala proposatzen du grabatuaren bilakaeran zehar, aukeratutako egile bakoitzak ardoaren kulturaz daukan ikuspegiaren bitartez. Beraz, gizateriaren historian zehar gai honek izan duen garrantziaren isla ematen da erakusketan, motibo ikonografiko hori behin eta berriz agertu baita garai guztietako adierazpen artistikoetan.

Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko Jaialdiak 2012tik kolaboratzen du museoarekin, bertako aretoetan erakusketa bat programatuz. Aurreko lau urteotan, Giovanni Battista Piranesi. Oroimen ameslaria (2012), Sardinia deszifraezina. Grabatutako zeinua (2013), Mimmo Paladino. Grabatuak (2014) eta Beranaren itzala luzea da. Lucas van Leyden, Mariano Moret Bilduman (2015) erakusketez gozatzeko aukera egon da. Ardoaren kultura. Vivanco Bildumako grabatuaren maisuak erakusketa FIG Bilbao jaialdiaren V. edizioaren parte da; hain zuzen ere, jaialdi horren arte-azoka azaroaren 17tik 20ra egingo da Euskalduna Jauregian.

 

ARDOAREN KULTURA. VIVANCO BILDUMAKO GRABATUAREN MAISUAK

Erakusketak ondo bereizitako bi bloke ditu. Alde batetik, grabatu klasikoa, zeina, aldi berean, hiru ataletan banatzen baita: mitologia, kostunbrismoa eta kristautasuna; eta, bestetik, grabatu garaikidea, bloke heterogeneoagoa, egile bakoitzaren izaerak baldintzatutakoa.

 

Mitologia

Ardoak mitologia klasikoan duen presentziaren atalik nabarmenenetakoa Bakoren figura da, gehiegikerien, zoramenaren, antzerkiaren eta ardoaren jainko erromatarra. Bere homonimo greziarra Dioniso zen. Bizitza gorabeheratsua izan zuen, eta, ondorioz, anbiguotasun handiko pertsonaia gisa agertzen da, pasioak pizteko gai eta, aldi berean, lañotasunaren erakusgarri. Izaera bikoitz hori kontuan hartuta, bere emozioak gizakienen antzekoak dira, eta, hori dela-eta, garai guztietako artistei interesatu izan zaie figura hori irudikatzea. Jaio zenetik, Hera jainkosaren suminak baldintzatu zuen bere bizitza, eta etxerik gabeko jainkoa izan zen: Egipto, Siria eta Indian barrena bidaiatu zuen, eta, handik, garaipen-giroan itzuli zen. Horrek "Bakoren garaipena" izeneko ikonografia aberatsa sorrarazi zuen, eta, hain zuzen ere, gai hori da bildumako zenbait grabaturen inspirazio-iturria. Bere segizioko elementu esanguratsuak agertzen dira hemen: faunoak, menadeak, panterak, bere adiskide Sileno (ia beti mozkortuta agertzen dena), tirsoak, mirtoak, panpanoak, eta musikaren zein dantzaren etengabeko presentzia.

Modu horretan, hainbat grabatzailek ardoaren jainkoaren bizitzako pasarte esanguratsuak irudikatu zituzten; grabatzaile horien artean daude Andrea Mantegna (Isola di Carturo, Italia, 1430/1431)-Mantua, Italia, 1506), Giulio di Antonio Bonasone (Bolonia?, Italia, 1510-1576), Johannes Sadeler (Brusela, 1550-Venezia, Italia, 1600), Annibale Carracci (Bolonia, 1560-Erroma, 1609), Jan Saenredam (Zaandam, Herbehereak, 1565-Assendelft, Herbehereak, 1607), Jacob Matham (Haarlem, Herbehereak, 1571-1631), Theodor Galle (Anberes, Belgika, 1571-1633), José de Ribera (Xátiva, Valentzia, 1591-Napoli, Italia, 1652), Johannes Popels (Tournai, Belgika, c. 1600-Anberes, Belgika, 1663), Pierre Lombart (Paris, 1612/1613-1681), Gerard de Lairesse (Lieja, Belgika, 1641-Amsterdam, 1711), Bernard Picart (Paris, 1673-Amsterdam, 1733), Francesco Bartolozzi (Florentzia, Italia, 1727-Lisboa, 1815), Nicolas de Launay (Paris, 1739-1792), Francesco Piranesi (Erroma, c. 1785-Paris, 1810) eta Johann Adam Klein (Nurenberg, Alemania, 1794-Munich, Alemania, 1875), besteak beste.

Halaxe agertzen da Mathamen hamabi estanpako seriean, zeinetan artistaren trebetasun teknikoa nabarmentzen baita, konposizioa oso txikia izan arren; edota Riberaren estanpa zoragarrian, egile beraren 1626ko koadro batean oinarritutakoa, zeinetan Sileno gehiegikeriei emana agertzen baita, xehetasun narratiboek gizatiartutako giroan. Giro lurtar berbera antzematen da Carracciren beranean. Lan horretan, Eduardo Farnesio kardinalaren zilarrezko kopa baten barrualderako egin zuen diseinua dago irudikatuta. Antzinaroarekin lotutako obren artean, Mantegnaren eszena nabarmentzen da, sarkofago bakiarretan eta Apolo Belvedere izenarekin ezagutzen den eskultura ospetsuan inspiratutakoa. Iturri klasiko bera sumatzen da Jan Saenredamek Hendrick Goltziusen marrazkien inguruan egindako hiru grabatuetan; mahaiko plazerei eta maitasunari buruzko alegoria jasoa da, Errenazimentuan eta Barrokoan indarrez berpiztuko zena, emankortasunaren eta oparotasunaren metafora gisa.

 

Kostunbrismoa

Multzo honen barruan, tabernetako, oturuntzetako edo edanean ari diren pertsonaien eszenak agertzen dira, bai eta mahastiak lantzearekin eta ardoa prestatzearekin erlazionatutako zereginei

buruzko irudiak ere, edo lan osagarriei buruzkoak; esate baterako, Johannes van Vlieten (Herbehereak, c. 1610-?) obran irudikatutako upelgintza-tailerra. Nabarmentzeko modukoa da, era berean, William Hogarthen (Londres, 1697-1764) estanpa, klabe satirikoan eredua emateko asmoa duena eta egile horren lan adierazgarria dena.

 

Kristautasuna

Antzinaroan, ardoa produkturik estimatuenetakoa izan zen Mediterraneoko arroan; elementu zibilizatzaile gisa identifikatzen zen, eta, batez ere, dimentsio espiritualarekin lotzen zen, hainbat gizartetako mito eta errituen bitartez. Mahastien eta ardoaren balio sinbolikoak eta azken horren efektu horditzaileak ahalbidetu zuten gizakia arlo sakratuarekin elkartzea, modu unibertsalean. Ardoaren kolorea erraz identifika daiteke odolarenarekin, eta, ondorioz, hilkorren mundua eta mundu jainkotiarra erlazionatzen zuten hainbat sinesmenek sinbolotzat hartu zuten ardoa, antzinako dastaketetatik hasi eta transubstantziazio kristauraino, zeinetan ardoa Kristoren odol bihurtu dela irudikatzen baita.

Hori horrela, artistek Bibliako zenbait pasarte jasotzen dituzte, eta, bertan, narrazioaren elementu sinboliko nagusia mahatsak edo ardoa dira. Halaxe gertatzen da, esate baterako, Lot eta bere alabei buruzko estanpetan, zoragarri irudikatuta agertzen direnak Lucas van Leyden, Jan Saenredam eta Johann Gotthard von Müllerren grabatuetan; Albrecht Dürerren Emausko afaria lanean edota Francesco Bartolozziren Noeren mahastiak obran.

 

Obra garaikidea

Vivanco Bildumako atal garaikideak XX. mendeko ismoen estilo ugarien bitartez eta joera horien deribazioen bitartez interpretatzen du ardoaren mundua. Aukeraketa hogeiko hamarkadan egindako lanekin hasten da. Horien artean, Marc Chagallen (Vitebsk, Bielorrusia, 1887-Saint Paul de Vence, Frantzia, 1985) narratibotasun berezia nabarmentzen da, bai eta Juan Grisen (Madril, 1887-Boulogne-sur-Seine, Frantzia, 1927) natura hil kubista bat ere. Picasso (Málaga, 1881-Mougins, Frantzia, 1973) interes handiz arduratu zen mitologiaz, hogeita hamarreko hamarkadan egin zituen grabatuetan; esate baterako, Minotauromakia izenekoan, edo Ovidioren metamorfosiak eta Suite Vollard serieetan. Vivanco bildumako grabatuetan (berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetakoak), unibertso bakiarra ere behin eta berriz agertzen da, giza pasioen adierazpen gisa. Joan Mirók (Bartzelona, 1893-Palma Mallorcakoa, 1983) hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako akuaforte bana ditu erakusketan, eta, bere obra garatzeko orduan, arte japoniarraren garai hartako eragina duen grafismoa baliatzen du.

 

Irudian:
Juan Gris (Madril, 1887-Paris, 1927)
Nature morte, 1922
Museo Vivanco de la Cultura del Vino, Briones (La Rioja)

Antolatzaileak:

Ardoaren kultura

Zerrendara itzuli