X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Filmoteca Vasca - Euskadiko Filmategia

Filmoteca

Zinema eta zientzia
Transmisioa

Berriki Euskadiko Filmategira egindako bisitan, pasadizo bat kontatu zigun Bertrand Tavernier zinemagile handiak. Frantziako hiri bateko aldiriei buruzko dokumental bat filmatu zuen sei hilabetez, Nils Tavernier semearekin batera. Han, besteak beste, fabrika bateko langile jada erretiratu bat elkarrizketatu zuen, eta oso hunkigarriak izan omen ziren haren hitzak. Handik denbora batera, bisitan joan zitzaizkion Bertrand eta Nils, eta ikusi zuten langilea gaixorik zegoela, larri, ordurako oso ahulduta. Etxe-atarian, Bertrand agurtzekoa zela, hari begiratu, eta esan zion langileak: "Segi transmititzen". Sekula esan dioten esaldirik hunkigarrienetako bat izan omen zen hura Bertrand Tavernierrentzat. Zerbait "sakratua" zuen esaldi hark, agindu moduko bat, bera bezalako zinegile batentzat. Harrezkeroztik egiten duen guztia gizon harengan pentsatuz egiten duela aitortu zigun Bertrand Tavernierrek.

Duela hiru urte jada asmo sendo bera agertu genuen DIPC Donostia International Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak: kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa, biak, transmititzea. Eta orain, asmo horrekin bat egin du Donostia Zinemaldiak; oso pozik gaude, beraz. Zientzialariek gidatutako filmen inguruko aurkezpenek eta solsaldiek osatzen dute proiektuaren muina. Aurreko bi edizioetan ikus-entzuleek zikloari egindako harrera ona ikusita, badirudi langile hark Tavernierri esandako gauza bera ari zaizkigula esaten guri: jarraitzeko transmititzen, alegia. Eta asmo horixe dugu hirugarren ediziorako.

Ágora filmak (Alejandro Amenábar, 2009), Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaidan murgilduko gaitu, Antzinarotik gaurdaino bizi-bizi dirauen eztabaida, bidenabar. Zergatik Gilda (Charles Vidor, 1946)? 183,84 arrazoi daude horretarako, pisu (atomiko) handikoak. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmarekin, berriz, manipulazio genetikora hurbilduko gara. Proxima (Alice Winocour, 2019) Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean ikusitako harribitxietako bat da. Her (Spike Jonze, 2013) adimen artifiziala da, bai, baina hori baino askoz gehiago. Autómata (Gabe Ibáñez, 2014) robotikaren munduan murgiltzen den distopia bat da. El árbol de la vida (2011) filmak, Terrence Malickek zuzendua, Canneseko Zinemaldia irabazi zuen, eta pantaila handian ikusteko filma da, zalan-tzarik gabe. Zientzia-fikzioari urtero egiten diogun errepasoan, bi adibide eder dakartzagu aurten: El hombre con rayos X en los ojos (Roger Corman, 1963) eta Emakumea ilargian/La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologiara hurbilduko gaitu Oliver Sacks-en eskutik, eta Ad Astra (2019) filmean, berriz, barne-bidaia eta espazio-abentura konbinatzen ditu James Gray zuze Dundariak.

Transmititzen jarraitzen dugu.

Prezioak (saio bakoitzeko)

Orokorra: 3,5 €
Museoaren Lagunak: 2 €
25 urtetik beherakoak: Doan

Lekua

Museoaren Auditoriuma

Laburdurak

JB = Jatorrizko bertsioa
JBGA = Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin
JBEA = Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin

Zikloaren programa

Jaitsi

  • 11 | 01 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Ágora

    Alejandro Amenábar, 2009. Espainia. JBGA. 126'

    IV. mendean, Erromatar Inperioko probintzia bat zen Egipto. Egiptoko hiri garrantzitsuena, Alexandria, azken kultura-gotorlekua zen, krisi betean zegoen mundu nahasi eta bortitz baten erdi-erdian. 391. urtean, fanatiko-tropel batek eraso egin zion Alexandriako liburutegi ospetsuari. Haren hormen barruan aritzen zen Hipatia astronomo bikain eta filosofo ateoa, mundu zaharraren jakintza salbatzeko ahaleginean, konturatu gabe Davo esklabo gaztea barne-borroka bete-betean zegoela: batetik, Hipatiaganako maitasuna, eta, bestetik, Kristautasunaren gorakada geldiezinari lotuz gero lor zezakeen askatasuna.

    Aurkezpena: Pedro Miguel Etxenike

  • 18 | 01 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Gilda

    Charles Vidor., 1946. A.E.B. JBEA. 110'

    Johnny Farrell, jokoan amarru eginez bizi den abenturazale bat, Buenos Airesera iritsi da. Han, estualdi batetik libratu du Ballin Mundson kasino aberats baten jabeak, eta, pixkana-pixkana, Mundsonek konfiantza osoko laguntzaile bihurtuko du Farrell. Egun batean, Mundsonek Gilda emaztea aurkeztuko dio Farrelli. Zur eta lur geldituko da Farrell: izan ere, Gildaren ondorioz bihurtu zen bera pertsona ziniko eta erretxina.

    Aurkezpena: Rosa Errazkin

  • 25 | 01 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Gattaca

    Andrew Niccol, 1997. A.E.B. JBEA. 106'

    Etorkizuneko gizarte batean dago kokatuta, non haur gehienak in vitro eta hautespen genetikoaren bidez sortzen baitira. Vincent, modu naturalean sortutako azken umeetako bat, bihotzeko arazo batekin jaio da, eta lanik okerrenak egin beharko ditu. Umetatik, espaziora bidaiatzea du amets, baina ondo daki inoiz ez diotela emango horretarako aukerarik. Egun batean, baina, elitean sartzeko klabea emango dio gizon batek: Jeromeren lekua hartzea, zeina elbarri gelditu baitzen istripu baten ondorioz. Hala, Gattaca industria aerospespazialeko korporazioan sartuko da Vincent, eta Titanen egin beharreko misio baterako hautatuko dute han.

    Aurkezpena: Leire Escajedo

  • 01| 02 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Proxima

    Alice Winocour, 2019. A.E.B. JBGA. 107'

    Sarah Koloniako Europako Espazio Agentzian entrenatzen ari den astronauta frantses bat da. Programa zorrotz horretako emakume bakarra da. Stellarekin bakarrik bizi da, zazpi urteko bere alabarekin. Sarah errudun sentitzen da alabarekin denbora gehiago eman ezin duelako. Haren maitasuna egundokoa da, erabatekoa. Sarah Proxima izeneko urtebeteko espazio-misioan parte hartzeko aukeratzeak kaosa eragingo du amaren eta alabaren arteko harremanean.

    Aurkezpena: Silvia Bonoli

  • 08 | 02 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Her

    Spike Jonze, 2013. A.E.B. JBGA. 126'

    Etorkizun hurbilean, Theodore izeneko gizon batek —bakartia, dibortziatzeko zorian eta enpresa batean besteei gutunak idazten lan egiten duena— sistema eragile berri bat erosiko du, adimen artifizialeko ereduan oinarritua eta erabiltzaileen behar guzti-guztiak asetzeko diseinatua. Zur eta lur geldituko da Samantha sistema eragileak duen emakumezko ahotsaren eta bere artean harreman erromantiko bat sortu dela ohartzean.

    Aurkezpena: Gustavo Ariel Schwartz

  • 15 | 02 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Autómata

    Gabe Ibáñez, 2014. Espainia. JBGA. 110'

    2044. urtea. Eguzki-ekaitzen ondorioz, Lurraren gainazala basamortu erradioaktibo bihurtu da, eta Lurreko biztanle-kopurua 21 milioira jaitsi da. Robotika-konpainia bateko aseguru-agente batek, kasu ustez ohiko bat ikertzen ari dela, gizateriaren etorkizunerako ondorio erabakigarriak izan ditzakeen zerbait deskubrituko du.

    Aurkezpena: Gustavo Ariel Schwartz

  • 22 | 02 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    The Tree of Life | El árbol de la vida

    Terrence Malick, 2011. A.E.B. JBGA. 133'

    Estatu Batuak, 50eko hamarkada. Anai-arrebekin eta gurasoekin bizi den haur bat da Jack. Ama maitasun- eta samurtasun-iturri du, eta aita, berriz, zorrotz-zorrotza, uste baitu garrantzitsua dela umeari erakustea nola egin aurre etsaiz betetako munduari. Prozesu hori txikitatik hasi eta Jack helduarora iritsi arte luzatuko da. Orduan, Jackek haurtzaroko une gogoangarriak hartuko ditu gogoan, eta saiatuko da ulertzen zenbaterainoko eragina izan zuten berarengan eta zer neurritaraino izan ziren erabakigarri bere bizimoduan.

    Aurkezpena: Gustavo Ariel Schwartz

  • 29 | 02 | 20

    19:00 h [ Emanaldi berezia: KIMUAK 2019 ]

    Artiko

    Josu Venero, Jesus Mari Lazkano, 2019. JBGA. 17'

    Mahaiaren gainean, Ipar poloko Svalbard artxipelagora egin nuen azken bidaiaren mapa dago. Mapa zimurtu eta apurtu hori adimen-kartografia da orain, margolaritzaren eta marrazkigintzaren eremua, asmamenaren esparru berri eta kitzikagarria.

    El infierno

    Raúl de la Fuente, 2019. JBEA. 17'

    Chennuk 15 urte zituela egin zuen lehen delitua: kaleko ume izatea. Horren ondorioz, infernura eraman zuten, Pademba Road kartzelara, Freetownen. Mr Sillah da infernuko nagusia eta harekin ez dago itxaropenik. Chennuk lau urteren ondoren lortu zuen ateratzea. Orain bertara itzuli nahi du.

    Labo

    Jesús Mª Palacios, 2019. JBEA. 14'

    «Labo» Tarragonako garai bateko Francisco Franco Lanbide Unibertsitatearen memorian ibiliko da, eraikinetan eta han egon zirenen oroitzapenetan. Iraganerako bidaia honek oraina eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko digu.

    Leyenda dorada

    Chema García Ibarra, Ion de Sosa, 2019. JBEA. 11'

    Udako egun bat da Montánchezeko (Cáceres) udal-igerilekuetan. Mendi gainean, Gazteluko Kontsolamenduaren Andre Maria zelatan dago.

    Lursaguak

    Izibene Oñederra, 2019. Elkarrizketarik gabe. 12'

    Hélène Cixousek zioen moduan, inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara.

    Mateoren ama

    Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, 2019. JBGA. 14'

    Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakiko du. Gogorra egingo zaio ama horrela ikustea; seme-alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.

    Medvedek

    Ainhoa Gutiérrez del Pozo, 2019. JBEA. 13'

    Esloveniako bi hartz emeren etorrerak Nafarroako Pirinioetako oreka irauliko du. Milioika urtez hartza Pirinioetako biztanlea izan da, eta haren desagertzeak ingurua eraldatu zuen. Bi biztanle berri hauen presentziak iraganeko gatazkak azaleratuko ditu.

    Aurkezpena: Txema Muñoz, Esther Cabero (Kimuak)

  • 07 | 03 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    X: The Man With the X-ray Eyes | El hombre con rayos X en los ojos

    Roger Corman, 1963. A.E.B. JBGA. 80'

    Diane Fairfax doktoreak jakinarazi dio James Xavier nazioarteko zientzialari entzutetsuari orain arte ikerketak finantzatu dizkion fundazioak ez diola diru-laguntza gehiagorik emango aurreran-tzean, ez duelako batere emaitzarik lortu ordura arte. Berri txar horren ondorioz, Xavierrek erabakiko du bere buruan bertan probatzea serum arriskutsu bat, X izpiko ikusmena gaitzen duena.

    Aurkezpena: Javier Aizpurua

  • 14 | 03 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Ad Astra

    James Gray, 2019. A.E.B. JBGA. 123'

    Roy McBride astronauta eguzki-sistemaren mugetaraino joan da espazioan galdutako aitaren bila eta, bide batez, gure planetaren biziraupena mehatxatzen duen misterio bat argitzera. Bidaia horrek hainbat sekretu azaleratuko ditu, zalantzan jarriko dutenak gizakion existentziaren izaera eta kosmosean dugun lekua.

    Aurkezpena: Fernando Cossío

  • 21 | 03 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Awakenings | Despertares

    Penny Marshall, 1990. A.E.B. JBGA. 121'

    Hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, Malcolm Sayer izeneko New Yorkeko neurologo batek erabakiko du botika berri bat ematea entzefalitis letargikoa duten bere pazienteei; gaitz horrek hutsean uzten ditu pertsonen gaitasun motorrak, eta funtzio begetatibo hutsean bizirauten dute. Pixkana-pixkana, hobera egingo dute pazienteek, Leonard Lowek batik bat.

    Aurkezpena: José Ramón Alonso

  • 28 | 03 | 20

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Frau im mond | Emakume ilargian

    Fritz Lang, 1989. Alemania. Mutua, jatorrizko intertituluak ingelesez, gaztelaniazko eta euskarazko azpitituluekin. 100'

    Mariek ez daki nor den bere aita, eta drogen men¬pe erori da mutil-lagunak bultzatuta. Prostitui-tzeari ere ekin dio, droga erosi ahal izateko. Po¬lizia, epaitegiak eta kartzela eguneroko kontua dira Marieren bizitzan. Orain, beharbada, antzer¬kiak beste aukera bat ekarriko dio...

    Aurkezpena: Ane Sarasola
    Musika zuzenean: Javier Pérez de Azpeitia (piano)


 

Antolatzailea: