X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiliko ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, zeure lehentasunak aldatu edo informazio gehiago jaso ahal izango duzu. Nago ados

Historia

Museoa

Bilboko Arte Ederren Museoaren historiaren laburpena



Handitu irudia
Kristalezko pantaila. Komunikazioarakao galería berria, Museoa berritu eta handitzeko lanen ostean. 2002

Bilboko Arte Ederren Museoa

Gaur egungo museoaren jatorria hasierako Arte Ederren Museoan (1908an sortu zen eta 1914an ireki zituen ateak) eta Arte Modernoko Museoan (1924an inauguratua) dago. Instituzio biak eta bildumak 1945ean elkartu ziren, eta urte hartan bertan egin zen eraikin zaharra. 1970ean eraikin modernoa gehitu zen, eta, 2001ean, berrikuntza lan handia egin ostean, museoak gaur egun duen itxura hartu zuen.

2008an, "100 urteko historia, 10 mendeko artea" izenburupean, Bilboko Arte Ederren Museoak bere lehenengo Mendeurrena ospatu zuen.

Bere historian zehar, museoak eredu aparta garatu du, non herritarrek, bertako artistek eta instituzio publikoek zehaztu baitute museoaren osaera eta hazkundea, artelan garrantzitsu askoren erosketen eta dohaintzen bitartez. Eskuratutako artelan horiek egituratu dituzte bildumako gune nagusiak, eta aipatutako bilduma ere obra horiei esker handitu da.



Handitu irudiaIzaera
Monument to Arriaga Square. 2008

Izaera

Hasieratik bertatik, pinakotekaren ezaugarrietako batzuk agertu ziren, eta, gaur egun ere, ezaugarri horiek indarrean daude; besteak beste, erakunde publikoen eta gizartearen arteko lotura estua, denek ere Bilbao erreferente kultural bihurtzeko gogoa zuten eta. Museoak hasierako urteetan erakunde eta partikularren eskutik jaso zituen dohaintza eta ondare garrantzitsuei esker, bildumaren etorkizuneko hazkunde-ildoak zehaztuz joan ziren.

Museoak, gainera, garaikidea izateko nahia agertu izan du beti, eta, hasierako garai haietan, hori bat zetorren bertako komunitate artistikoaren kezkekin. Gaurkotasunarekiko apustu hori hamar urte geroago gauzatu zen, arte moderno eta garaikideari buruzko museo berria sortzean. Hori horrela, Aldundiaren egoitza batzuetan kokatuta zegoen Arte Modernoko Museoak 1924an ireki zituen ateak, Aurelio Arteta margolariaren zuzendaritzapean.


Historia laburra

Gerra Zibila amaitu eta denbora gutxira, museo bien bildumak jasoko zituen eraikin berri bat egiteko erabakia hartu zen; horrela, erakunde bakarrean bilduta geratu ziren, eta, urte luzez, Bilboko Arte Ederren eta Arte Modernoko Museoa deitu izan zen.

Eraikin berria, estilo neoklasikokoa, hiriko Zabalgune modernoan eraiki zen, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraituz. Bilboko oraingo Arte Ederren Museoa 1945ean inauguratu zen. 1949ra arte, zuzendaria Manuel Losada izan zen; 1973ra arte, Crisanto de Lasterra; eta 1982ra arte, berriz, Javier de Bengoechea.

Hala ere, hasierako espazio hori laster geratu zen txiki, eta, beraz, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, eraikina handitzeko enkargua eman zitzaien Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoei. Lan berritzailea egin zuten, Mugimendu Modernoaren eragina jasoz eta, zehatzago esateko, Mies van der Roheren arkitektura islatuz. Lanak 1970ean amaitu ziren, baina, hamar urte geroago eta Jorge de Barandiaránen zuzendaritzapean, espazio eta zerbitzu berriak egokitu ziren eraikinaren sotoetan. 1991n, Eusko Jaurlaritza museoaren parte bihurtu zen, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bat eginez.

1996an, Miguel Zugazaren zuzendaritzapean, museoa berritu eta handitzeko plana esleitzeko lehiaketa antolatu zen, museoaren instalazio eta zerbitzuak modernizatzeko asmoz. Urte hartan bertan, epaimahaia eratu zen, eta, bertan, besteak beste, Rafael Moneo, Norman Foster eta Álvaro Líbano arkitektoek hartu zuten parte, lehiaketan aurkeztutako hemeretzi aurreproiektuak baloratzeko.Aurkeztutako proposamenak aztertuta, lanak egiteko enkargua arkitekto talde bati eman zitzaion; hain zuzen ere, Luis Uriarte zen talde horren buru, eta gainerako kideak Borja Arana, José Ramón Foraster eta Borja Pagazaurtundua ziren.

Beharrizanen programari jarraituz, museoa osatzen duten eraikin bien arteko komunikazio horizontal eta bertikala hobetzeko proposamena egin zen, lotura eta galeria berri banarekin. Era berean, zenbait espazio askatu ziren, bisitariari eskainitako zerbitzuak elkartu eta optimizatzeko (harrera, kafetegia, jatetxea, denda, liburu-denda, liburutegia, sail didaktikoa eta auditoriuma) eta erakusketa-espazioak handitzeko. Era berean, egokitzat jo zen museoko sarbidea aldatzea, aipatutako sarrera hiriaren erdigunea eta Abandoibarra lotzen dituen ardatzean integratuz. Azkenik, Museoko bulegoak berritu eta lekualdatzeko gomendioa egin zen, bai eta eraikin zaharra klimatizatzekoa ere. Lanon ondorioz, museoaren azalera 6.450 m2 handitu zen, gutxi gorabehera; eta 14.250 m2-ren gainean egin zen lan. Inbertsio globala 15 milioi eurokoa izan zen, eta finantziazioa Museoa osatzen duten erakundeen eskutik etorri zen: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udaletik, alegia. Berrikuntza eta handitze lanak amaitu zirenean, museoak berriz ere inauguratu zituen bere instalazioak, 2001eko azaroaren 10ean.