X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

ANONIMO KATALANA

Kristo gurutziltzatuaren Maiestatea

Egur polikromatua

130,5 x 107 x 14,7 cm

Erromanikoa eta Gotikoa (XIII. mendea - XV. mendea)

N.° inv. 69/388

Banco de Bilbaoren dohaintza 1961ean


ANONIMO KATALANA Bilbuma on-linean

Kristo gurutzean erakusten duen irudi hau, egurrean landutakoa eta tenperaz polikromatutakoa, Christus triumphans izeneko aldagai ikonografikoan sartzen da; hain zuzen ere, aldagai hori Maiestate (Majestat) terminoarekin ezagutzen da Katalunian. Modalitate honen osagai propio gehienak ditu; itxura batean, gurutzean iltzatuta baino gehiago, erantsita dago, itxura serioarekin, begiak zabalik, besoak horizontalean eta gerrikoak estututako tunika batekin jantzita. Hain zuzen ere, tunikak apaindura ederrak ditu, pintatutako irudiekin eta igeltsuz egindako erliebe-elementuekin. Berarekin batera, "Jesukristo, juduen erregea" dioen inskripzioa dago, gurutzearen aurrealdearen goialdean.

Aipagarriak dira langetaren muturretan pintatutako Maria eta San Joanen figurak, bai eta beheko aldean berpizten ari den Adanena ere. Modu horretan, gurutzearen eta Jatorrizko Bekatuaren zuhaitzaren arteko lotura nabarmentzen da. Pertsonaia horiek neurri txikikoak dira, gurutziltzatuta dagoenarekin konparatuta. Kalbarioak izenekoen bertsio pintatu baliokidea dira. Tailu erako figurak dira, eta, sarri askotan, soilik perizonioarekin jantzita dagoen Kristo sufritzailearen irudiarekin batera agertzen dira. Aldiz, harrigarria bada ere, erdian agertu ohi den Agnus Dei irudirik ez dago gurutzearen atzealdean. Gai hori ia beti agertzen da pieza mota honetan, baina, kasu honetan, apaingarriak ikus daitezke horren ordez. Oro har, tipologia honek sinbolizatzen duena da Kristok heriotzaren gainean izandako garaipena eta Kristoren errege-izaera, subiranoaren rolean.

Bere polikromia kontserbatuarekin, Maiestate honek agerian uzten du tipologia honek erromaniko katalanean zeukan zabalkunde handia, esparru hispaniarrean eta XII. mendetik aurrerako ezaugarri gisa. Oso litekeena da lan honen erreferentzia nagusia Luccako (Toskana) Volto Santo bezalako irudiak izatea, zeinaren gurtza eta zabalkundea XI. mendearen amaieratik baitaude dokumentatuta, garai gotikora heldu arte. Lan honen egilea ezezaguna da, baina Pirinio kataluniarrean kokatutako tailer baten ekoizpen berantiarra izan daiteke. Hala ondoriozta daiteke pintatutako figurei erreparatuta; esate baterako, Adanen figura kontuan hartuta. Izan ere, figura horren estiloa 1200. urteko joera berritzaileetatik eratorritako XIII. mendearen lehen erdialdeko lanen antzekoa da, eta, hori dela eta, irudi hau Maiestateek XII. mendea baino harago jarraitu zutela erakusten duen adibiderik nabarmenenetakoa da. [J.C.S.]

Bibliografia hautatuta:

Manuel Trens. Les majestats catalanes : premi Massana de l'Excm. Ajuntament de Barcelona, any 1961. Barcelona : Alpha, 1966, p. 160, il. 72.

Ana Sánchez-Lassa de los Santos. “Restauración de un Cristo en Majestad del Museo de Bellas Artes de Bilbao” en Urtekaria 1986: asterlanak, albistak = anuario 1986 : estudios, crónicas. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa ,1987, pp. 47-65.

Jordi Camps i Soria. “La majestad románica del Museo de Bellas Artes de Bilbao : notas para su contextualización = The Romanesque Majesty at the Bilbao Fine Arts Museum : notes towards a contextualization = Bilboko Arte Ederren Museoko maiestate erromanikoa : testuinguruko oar batzuk” en Buletina = Boletín = Bulletin, n.º 6. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2012, pp. 15-38.

Jordi Camps i Soria. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 12, n.º 1, ad vocem.

Komentatutako lanak