Emakumezko bustoa beloarekin
Erretratatutako emakumeak begi arretatsuak, larruazal gorrixka eta irribarre erdia ditu, eta definitu gabeko espazio batetik sortzen da, bere begirada seguru eta sakonarekin liluratzen gaituen bitartean. Oraindik ere nor den misterioa den arren, olio zoragarri honek koadroko emakumearen maila sozialari buruzko gakoak ematen dizkigu. Margolariak sentsibilitate eta zehaztasun paregabez deskribatzen ditu arropen ehundurak, belarritako bakarra, perla beltzez eta urrezko katez egindako apaingarri dotorea, dena Toskanan landutakoa. Objektu ederrak baino gehiago, emakumearen mailaren zeinuak dira, zehaztasun osoz erakusten dutenak edertasunari eta apaltasunari buruzko luxu-legeek (Provveditori alle Pompe) luxu neurritsuz janzteko agintzen zietela Florentziako dama aberatsei. Florentziako bizilagunentzat, emakumezkoen gorputzeko apaindurak gizalege-kontua ziren, eta, adibidez, hauxe zioen dekretu batek bitxiei buruz: “neurriz eramanez gero, hiriaren distira eta ohorea indartzen dute”. Cosimo Medicik 1562an onartutako arauaren arabera, emakume florentziarrek perla-hari bat baino ezin zuten erakutsi (gehienez ere, 500 ezkutuko baliokoa): “…izan ere, dama guztiek dituzte perlak […]. Esmalterik gabeko urrezko eta zilarrezko lepokoak jantzi ahal izango dituzte, legeak dioen moduan, horrela kapitalari eutsi ahal zaio eta”. Aberastasun-erakustaldien kontrako legeen onarpen hori bera ikus daiteke Florentziako damen beste irudi batzuetan; esate baterako, Bronzinok Leonor Toledokoari (Cosimo Mediciren emaztea) egin zion erretratu ospetsuan.
Azterketa teknikoek agerian utzi dutenaren arabera, erretratua ez zen Florentzian pintatu, baizik eta Anberesen, Europa iparraldeko hiriburu komertzial eta kulturalean. Italiaren eta Europa iparraldearen arteko truke artistikoa XV. mendean hasi zen, Brujasen bizi ziren merkatari florentziar ugarik erretaula eta erretratu garrantzitsuak enkargatu zizkietenean hiri hartako artistei; izan ere, artista haiek berebiziko maisutasunez lantzen zuten olio-pintura. Antzinako flandestarrekin estu lotutako berrikuntza horrek zehaztasun eta naturalismo paregabeak eskaintzen zituen, olio eta pigmentu geruza zeharrargien erabilerari esker. XVI. mendean, iparraldeko artistak Italian hasi ziren bilatzen euren eredu piktorikoak. Modu horretan sortutako irudiek uztartu egiten zituzten estilo italiarra eta pintura flandestarreko joera “errealista”, akabera finekoa. Erretratu enigmatiko honek ondo islatzen du aipatutako trukea. Anonimoa eta isila bada ere, emakumea edertasunaren nazioarteko hizkuntzan mintzo da. [E.H.W.]
Bibliografia hautatuta:
Edward H. Wouk. "Entre Amberes y Florencia : el enigma de Busto de mujer con velo = Between Antwerp and Florence : the enihgma of Bust of a Woman with a Veil = Anberes eta Florentzia artean : Emakumezko bustoa beloarekin enigma" en Buletina = Boletín = Bulletin, n.º 7. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2013, pp. 89-123.
Edward H. Wouk. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 33, n.º 19, ad vocem.