X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

ANONIMO FRANTSESA

Artzainen adorazioa

Olioa mihisean

92 x 104,5 zm

Barrokoa (XVII mendea)

N.° inv. 69/378

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an


ANONIMO FRANTSESA Bilbuma on-linean

Margolan honek Kristoren bizitzako pasarte atseginenetako bat erakusten du. Kortaren barruan girotuta dago eszena, eta eskuinaldean ageri da irudi nagusia, hau da, Ama Birjina Haurrarekin. Lurrean, lehenengo planoan, galburu batzuek Eukaristiari egiten diote erreferentzia. Ezkerreko taldean deigarriak dira ikusleari begira dauden bi pertsonaiak: zutik dagoen gizona margolariaren autorretratua izan liteke, edo bestela, haren oinetan belaunikatuta dagoen emakumezkoarekin batera, lana egiteko agindua eman zutenen erretratua; beharbada, kapera pribatu baterako agindu zuten. Ezkerraldetik sartzen den alboko argi indartsu batek antzerki giroa ematen dio eszenari, eta margolanaren erdialdea hartzen duen artzainetako bat azpimarratzen du; bertan, artzainaren jantzi zuria eta itsasoz haraindiko urdin distiratsua nabarmentzen dira. Margolanaren erradiografiak artistaren pentimento bat erakusten du: lehenengo lanean hego handiak jarri zizkion pertsonaia horri, baina, gero, ezkutatu egin zituen. Horrek azalduko luke pertsonaia horren arintasuna. Zenbait profilek, hala nola, Ama Birjinarenak, Haurtxoaren aurrean belaunikatutako artzainarenak eta San Joserenak (modu monokromoan margotua, erdi itzaletan dagoena) eskultura klasikoak iradokitzen dituzte.

Lan honetan, gustu caravaggista hautematen da, argiaren tratamenduak nabarmen uzten duen moduan. Edonola ere, egilea barroko frantsesaren joera klasizistaren ideia estetikoen barruan sar daiteke, hau da, Antzinaro klasikoko lanen azterketan interesa zuen joeraren barruan. Simon Vouetek sartu zuen joera hori 1627an, Italiatik itzultzean, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen Parisen. Joera horren jarraitzaile izan ziren, besteak beste, Poussin edo Le Nain anaiak. [A.S.L.]

Bibliografia hautatuta:

Jean-Pierre Cuzin. Figures de la réalité Caravagesques français : Georges de La Tour, les frères Le Nain.... Paris : Hazan; Institut National d´Histoire de l´Art, 2010, pp. 47y 49.

Ana Sánchez-Lassa. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederretako Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 75, n.º 53, ad vocem.

Komentatutako lanak