Ama Birjina zutik, Haurrarekin
Andre Maria zutik eta Umea besoetan irudikatzen duten lehen eskulturak XIII. mendeko amaieran sortu ziren, eta gehienak Frantziako katedral gotiko garrantzitsuenetako maineletan jarri zituzten. Prototipoa Pariseko Nôtre-Dame elizako mendebaldeko fatxadako irudia izan zen, eta garai hartako beste eskola europar batzuek eredutzat hartu zuten. Gaur egun, ez dago irudi hori.
Andre Maria ez da Kristoren Maiestatearen tronu erromanikoa, semearekin komunikatzen den ama baizik. XIII. mendeko Frantziako Gorteko jantziak ditu; dagoeneko zaharkituta badago ere, lana margotu zen garaikoa baino soilagoa eta plastikoagoa da. Piezaren data aurreratua da, XIV. mendearen erdialdekoa, hain zuzen ere, Mariaren mantuaren posizioak adierazten duen bezala. Izan ere, gerriaren bi aldeetan batuta geratzen denez, uve itxurako tolestura sortzen da aurreko aldean. Eskuineko oina nola duen jarrita kontuan hartuta, gorputza kurbatuta agertzen da. Eskuineko eskuan, eukaristiako ardoaren sinboloa den mahats-mordoa dauka, eta Haurrak bertarantz luzatzen du eskuineko eskua, sakrifizioa onartzen duela adierazteko. Bien bitartean, lurbira du ezkerreko eskuan. Fintasuna, tolesturak egiteko modua eta Andre Mariaren aurpegiaren errealismoa kontuan hartuta, pieza honek Frantziako Borgoinako eskulturarekin du zerikusia. Oraindik, polikromiaren zati bat dago agerian, eta, atzeko aldean ere zizelkatu egin zutenez, seguruenik ez zen mainel batera atxikita egongo, elizaren barruko aldean baizik. [A.S.L.]
Bibliografia hautatuta:
Julia Ara Gil. “Imágenes Góticas de la Virgen de procedencia francesa en el Museo de Bellas Artes de Bilbao” en Urtekaria 1990: asterlanak, albistak = anuario 1990: estudios, crónicas. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 1991, pp. 7-21.
Ana Sánchez- Lassa de los Santos. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 14, n.º 3, ad vocem.