X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

BALACA, Ricardo

(Lisboa, 1844-Aravaca, Madril, 1880)

Baile de Capellanes

Olioa latorrian

17,5 x 25,5zm

c. 1860-1865

Erromantizismoa, Errealismoa eta Impresionismoa (XIX. mendea - XX. mendearen lehengo erdialdea)

N.° inv. 69/82

1942an eskuratua

Kafetxea

Olioa latorrian

17,8 x 25,7 zm

c. 1860-1865

Erromantizismoa, Errealismoa eta Impresionismoa (XIX. mendea - XX. mendearen lehengo erdialdea)

N.° inv. 69/83

1942an eskuratua


BALACA, Ricardo Bilbuma on-linean

Barrualde urbanoetako eszenak ez ziren lar ohikoak izaten Espainiako artisten artean, horiek arreta guztia jartzen baitzuten erresumako hiriburuko saltokietan. Garai hartan, Madril ezaguna zen kaleko mugimendu handiagatik, eta hiri osoan zeuden kafetegi eta dantzalekuengatik. Azken espazio horietan mamitzen zen hiriburuko bizitza sozial, intelektual eta politikoa hemeretzigarren mendean.

Margo hauetatik lehenengoan, esaterako, Salón Romero aretoan egindako mozorro-dantzaldi jendetsua irudikatu zuen egileak. Errege Oinutsen monasteriotik oso gertu zegoen dantzalekua, eta kale hartan –gaur egun Maestro Victoria deitzen da– monasterioko kapilauak bizi ziren; hori dela eta, aipatutako areto horri Salón de Capellanes (Kapilauen Aretoa) edo Baile de Capellanes (Kapilauen Dantzaldia) esaten zitzaion. XIX. mendeko Madrilgo aretorik ospetsuenetakoa izan zen. Pérez Galdósek sarri aipatzen zuen, eta hainbat musikarik –Juan Crisóstomo de Arriaga bilbotarrak, esaterako– partiturak idatzi zituzten espresuki areto hartan jotzeko. Koadroak aretoaren barru zabalera garamatza. Zutabe handiak ditu eta paretak ispilu handiekin apainduta daude. Hainbat bikote ari dira dantzan, mozorroak jantzita, adardun lanpara handien argitara. Lanparak, ziur aski, gasezkoak izango dira.

Ondoko koadroan, kafe-etxe baten barrualde lasai eta zabala ikus dezakegu. Horretan ere, zutabeek eusten diote sabai altuari. Dirudienez, Café del Príncipe kafetegiko Parnasotxoa da. Hain zuzen ere, kafetegi hori Madrilgo Príncipe antzokiaren ondoan zegoen, gaur egun Teatro Español antzokia dagoen lekuan. Hainbat bezero bakardadean daude tragoa hartzen; beste batzuk, aldiz, solasean ari dira mahaitxoetan eserita. Leku horietara gizonak joaten ziren, nagusiki. Horren erakusle, emakume bakarra ageri da pinturan, irudiaren eskuineko aldean, hilea saretxoan bilduta.

Gizonezkoen janzkera ikusita –kapela garaiak, adats luzeak, puntadun lepo gogorrak dituzten alkandorak, eta "enara" erako gorbatak–, 1860 eta 1865. urteen artekoak izan daitezke eszenak. Gas-argiek ere pentsarazten digute irudia garai hartakoa dela, 1860. urtetik aurrera hasi baitziren argi horiek erabiltzen Madrilgo etxe eta lokaletan. Beste alde batetik, planteamendu eszenografikoa, figurak irudikatzeko modua eta espazioa mugitzen ari diren pertsona-talde txikietan irudikatzeko trebetasuna ohiko ezaugarriak dira Ricardo Balacaren lanetan.

Izan ere, Balacak figuraz betetako konposizio historikoei eskaini zien bere ibilbidearen zati handi bat; normalean, gai militarrak eta gudak irudikatzen zituen. Egileak trebetasun handia zuen pertsona-talde handiak marrazten, beharrezkoa baitzuen era horretako pasarteak pintatzeko. Karlistadetako kronista grafikoa izan zen, eta hainbat hiri-eszena irudikatu zituen XIX. mendearen erdialdean. Pinturez gain, gai horiei buruzko marrazki eta ilustrazio asko egin zituen garai hartako argitalpenetarako. [J.L.D.]

Bibliografia hautatuta (Baile de Capellanes):

Spanish Paintings of 18th & 19th Century : Goya and his Time .[Cat. Exp.]. Tokyo : The Seibu Museum of Art, 1987, pp. 174, 175 y 220, n.º 56. (Como obra de Antonio María Esquivel).

José Luis Díez. De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. [Cat. exp.]. Bilbao: Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008, pp. 304-308, n.º 56, ad vocem.

José Luis Díez. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), pp. 108 y 109, n.º 75a, ad vocem.


Bibliografia hautatuta (Kafetxea):

Spanish Paintings of 18th & 19th Century : Goya and his Time. [Cat. exp.]. Tokyo : The Seibu Museum of Art, 1987, pp. 176, 177 y 220, n.º 57 (Como obra de Antonio María Esquivel).

José Luis Díez. De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. [Cat. exp.]. Bilbao: Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008, pp. 304-308, n.º 57, ad vocem.

José Luis Díez. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), pp. 108 y 109, n.º 75b , ad vocem.

Komentatutako lanak