X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

BERUETE, Aureliano de

(Madril, 1845-1912)

Isole ibaia (Quimperlé)

Olioa mihisean

50 x 38 zm

1901

Erromantizismoa, Errealismoa eta Impresionismoa (XIX. mendea - XX. mendearen lehengo erdialdea)

N.° inv. 04/1

Victorio Urresti jaunaren dohaintza 2004an

Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik edo Madril Pardotik

Olioa mihisean

45,5 x 73,5 zm

1909

Erromantizismoa, Errealismoa eta Impresionismoa (XIX. mendea - XX. mendearen lehengo erdialdea)

N.° inv. 82/28

Aureliano de Beruete y Moreten (artistaren semea) dohaintza 1915ean


BERUETE, Aureliano de Bilbuma on-linean

1901eko abuztuan, Beruete Bretainiako (Frantzia) Quimperlé herrira joan zen bizitzera, kostaldetik gertu dagoen ibar batera. Hiria zeharkatzen duen Isole ibaia irudikatu zuen Beruetek, Pont Salé zubitxotik ikusita. Ordutik, ezer gutxi aldatu da zoko hori. Plenairista petoa zenez, Beruetek argiarekiko interes handia zuen. Horrela, ikuspegi honetan, egun argitsua irudikatu zuen. Bertan, eguzkiak bete-betean jotzen du konposizioaren atzealdean dagoen etxe batean, eta horixe da koadroko gunerik argitsuenetakoa. Argitan dauden eta itzalpean diren guneen arteko kontraste ederrak lortu zituen, pintzelkada arinaren teknika zuzena erabiliz eta enpasteak mugatuz. Horretarako, ukitu arinak eman zituen gunerik argienetan. Margolan hau egin zuen garaian, Berueteren estiloa trantsizioan zen; hasierako estilo soil, dotore eta orekatua bazterrean utzi, eta inpresionismo sortu berriari heltzen hasi baitzen egilea. Hasieran harengan interesik ez bazuen ere, margolan inpresionistak egin zituen bere azken urteetan.

Madril Pardotik mihisea Isole ibaiaren ikuspegia egin eta zortzi urtera margotu zuen. Beruete Madril inguruko eta Guadarrama mendilerroko zeru argietan inspiratu zen maiz. Hori dela eta, atzerrian bolada luzeak eman ondoren, inguru horietara joaten zen pintatzera. Kasu honetan, Madril margotu zuen, Pardo menditik ikusita. Lainotutako zeruaren azpian, kolore berdeen ñabardura finak osatzen du paisaia. Lehenengo planoa iluna bada ere, ondoren zelai bat agertzen da, eta, bertan, eguzkia agertuko dela dirudi, Madrilgo eraikinak modu berezian argitu nahirik. Hori guztia pastaz betetako pintzelkadekin eta erraztasun harrigarriz dago eginda, bere azken hamarkadako lanetan ohi zen moduan. Garai hartan, inpresionismo nabarmenagorantz egin zuen, betiere, inpresionismoaren eta berak ohikoa zuen estetika errealistagoaren arteko oreka zainduz.

Beruete Madrilgo familia aberats batean jaio zen, eta kultura handiko gizona izan zen. Zuzenbidea ikasi eta diputatu gisa aritu ondoren, pinturan hasi zen. Carlos de Haes izan zuen irakasle, eta hark bultzatu zuen kanpoan pintatzera. Artearekiko eta bidaiatzeko zaletasunak bultzaturik, Espainian eta Europan barrena bidaiaz bidaia eman zuen bizitza osoa Beruetek. Estatuan zein nazioartean hainbat sari jaso zituen bere margolanengatik, eta, margolaria izateaz gain, bildumagilea, kritikari zorrotza eta idazlea ere izan zen. [A.S.L.]

Bibliografia hautatuta (Isole ibaia [Quimperlé]):

Ana Sánchez-Lassa. De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. [Cat. exp.]. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008, pp. 327-329, n.º 63, ad vocem.

El Modernismo : de Sorolla à Picasso, 1880-1918 [Cat. exp.]. Laussane : Fondation de l'Hermitage, 2011, pp. 28, 152-153, n.º 7.
Ana Sánchez-Lassa. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), pp. 112 y 113, n.º 78a, ad vocem.

Bibliografia hautatuta (Madrilgo bista, Plantío de los Infantesetik edo Madril Pardotik):

Tres grandes maestros del paisaje decimonónico español : Jenaro Pérez Villaamil, Carlos de Haes, Aureliano de Beruete. [Cat. exp.]. Madrid : Ayuntamiento, Concejalía de Cultura, 1990, pp. 402-403, n. º 110.

Ana Sánchez-Lassa. De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. [Cat. exp.]. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008, pp. 330-332, n.º 64, ad vocem.

Ana Sánchez-Lassa. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), pp. 112 y 113, n.º 78b, ad vocem.

Komentatutako lanak