X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

COTER, Colyn de

(Brusela, c. 1450-c. 1539/1540)

Gurutzetik jaitsiera

Olioa haritz-oholean

98 x 65 zm

Erromanikoa eta Gotikoa (XIII. mendea - XV. mendea)

N.° inv. 69/69

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an


COTER, Colyn de Bilbuma on-linean

Lau ebanjelariek kontatutako gurutzeko jaitsieraren irudi dramatiko honetan, Jose Arimateakoa ageri da eskuinean, Jesukristoren gorputza jasotzen, Nikodemo lagun duela; San Joan, berriz, Ama Birjinari eusten ari zaio, Jesusen ama zorabiatu egin baita, saminaren saminez. Bost pertsonaia horiek betetzen dute konposizioa, eta ez diote ia batere zirrikiturik uzten goiko bi angeluetako hondoari: urre koloreko hondoa da, puntu beltzez zipriztindua, Flandesko tradizioko arkaismo gotizistaren emaitza. Zehaztasun tekniko bikainez margotutako obra da, eta kolore-geruza gainjarriek itxura bikaina ematen diote, pintura-geruzen higadura eta transparentziak gorabehera.

Litekeena da obra honen jatorrian Roger Van der Weyden margolariaren prototipo galdu bat egotea; izan ere, era honetako konposizio konplexuak eta perspektiba behartuak oso ohikoak ziren haren lanetan. Ama Birijaren pertsonaiari dagokionez, Van der Weydenek 1435 inguruan Gurutzetik jaitsiera obrarako margotutako irudia (Pradoko Museoa) oinarri hartu zuen Coterrek. Hugo van der Goesen ereduak ere aintzat hartu zituen, Jose Arimateakoaren irudirako; Berlingo Gemäldegalerieko Artzainen gurtza obran (1480) errezela bati eusten ageri den gizon bizardunarena, hain zuzen ere. Gurutzetik jaitsiera lanaren beste lau bertsio egozten dizkiote Colyn de Coterri, guztiak ere antzeko eskemari jarraituz eginak; nolanahi ere, Messinako Hiritar Museokoa da honen antz handiena duena. 

Colyn de Coterrek 1480 eta 1525 bitartean lan egin zuen. Anberesko margolarien kofradiako maisu gisa ageri da, 1493ko agirietan; baina Bruselan lan egin zuen, batik bat. Han, joera arkaikoko estilo eklektikoa landu zuen, eta Van der Weydenen eragina jaso zuen. Coterren izena hiriko San Eloi kofradiako maisu gisa ageri da1509az gero, eta jarraitzaile asko bildu zituen bere tailerrean. [A.S.L.]

Bibliografia hautatuta:

Max J. Friedländer. Early Netherlandish Painting. vol. IV. Hugo van der Goes.  New York ; Washington : Frederick A. Praeger,1969, p. 84, il. 93, n.º 101a.

Elisa Bermejo. La pintura de los Primitivos Flamencos en España. Madrid : Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Instituto Diego Velázquez, 1980-1982, vol. I., p. 191, il. 174-175.

Xesqui Castañer. Pinturas y pintores flamencos, holandeses y alemanes en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao : Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa, 1995, pp. 29-31.
Las tablas flamencas en la Ruta Jacobea. Madrid : Fundación Banco Santander Central Hispano, 1999, p. 132, il. 92.

Ana Sánchez-Lassa de los Santos. Matthias Weniger. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 24, n.º 13, ad vocem.

Komentatutako lanak