X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

CRANACH Zaharra, Lucas

(Kronach, Alemania, c. 1472-Weimar, Alemania, 1553)

Lukrezia

Olioa pago-oholean

50.5 x 36.2 zm

1534

Errenazimentua eta Manierismoa (XVI. mendea - XVII. mendea hasiera)

N.° inv. 12/79

2012an eskuratua


CRANACH Zaharra, Lucas Bilbuma on-linean

Atzealde ilunaren gainean, Lukreziaren figura erdi biluzia nabarmentzen da. Neska gazte birtuosoa da, Luzio Tarkinio Harroa erregearen senidea den noble erromatar batekin ezkondutakoa. Tito Livioren narrazio klasikoaren arabera, erregearen semea Lukreziarekin maitemindu eta hura seduzitzen saiatu zen, baina, ez zuenez lortu, bortxatu egin zuen. Lukreziak bere aitari eta senarrari aitortu zien desohore hura, eta mendekua hartuko zutela zin eginarazi zien, euren aurrean bere burua hil baino lehen.

Paisaiarik gabe eta urregintzako apaingarri aberatsak beste elementu edergarririk gabe, arreta osoa Lukreziaren anatomia finean pilatzen da, argi indartsu batek nabarmenduta. Elementu horien ukimenezko ezaugarriez gain, aipatzeko modukoak dira larruzko mantua, belus granatea, ilea eta belo fin tolesduna; azken horrek biluziaren sentsualtasuna nabarmentzen du, eta, aldi berean, besoak eta eskuak kokatzeko balio du. Konposizioaren erritmo uhintsuak animatu egiten gaitu margolana begiradarekin zeharkatzera, hiltzeardagoen emakume heroiaren aurpegiko edertasun ameslarian pausatu arte.

Lucas Cranach Zaharra margolari eta grabatzailea, Alberto Durerorekin batera, Alemaniako Errenazimentuko protagonista izan zen, eta ideal humanistaren pertsonifikazio fidela ere bazen. Erreforma protestantearen jarraitzaile irmoa zen, eta Martin Lutherren adiskide mina izan zen. Federiko III.ak gorteko margolari izendatu zuen Wittenbergen, eta, bertan, hiriko giro estetikoa gainbegiratu zuen, aintzatespena eta kokapen ona lortuta. Tailer bat sortu zuen, eta haren seme ziren Hans eta Lucas Cranach Gaztea han aritu ziren lanean. Bera hil eta zenbait hamarkada geroago ere, tailerrak jardunean jarraitu zuen bere obren bertsioak eginez. Gai erlijiosoekin eta erretratuekin batera, gai klasiko eta mitologikoen errepertorio zabala garatu zuen, eta emakumezkoen biluziaren ideal propioa sortu zuen; obra hau, esate baterako, horren adibide ederra da. [M.G.M.]

Bibliografia hautatuta:

Christian Zervos. Nus de Lucas Cranach l'ancien. Paris : Cahiers d'Art, 1950, pp. 63 y 77.

Dieter Koepplin. Lukas Cranach: Gemälde, Zeichnungen, Druckgraphik. Bassel : Birkhäuser, 1974-1976, vol. II, pp. 664 y 666.

Dieter Koepplin. Verzeichnis der augestellten Gemalde in der Niedersachsischen Landesgallerie Hannover. Hannover : Niedersachsisches Landesmuseum, 1980, p. 66.

Jana Herrschaft; Gunnar Heydenreich. "Una Lucrecia de Lucas Cranach el Viejo en el Museo de Bellas Artes de Bilbao = A Lucretia by Lucas Cranach the Elder at the Bilbao Fine Arts Museum = Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia bat Bilboko Arte Ederren Museoan" en Buletina = Boletín = Bulletin, n.º 8. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2014, pp. 85-109.

Marta García Maruri. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 32, n.º 18, ad vocem.

Komentatutako lanak