X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Komentatutako lanak

LÓPEZ, Vicente

(Valentzia, 1772-Madril, 1850)

Matías Sorzano Nájeraren erretratua

Olioa mihisean

106 x 82 zm

1840

Rococoa eta Neoklasizismoa (XVII. mendea - XIX. mendearen lehengo erdialdea)

N.° inv. 05/187

2005ean eskuratua


LÓPEZ, Vicente Bilbuma on-linean

Matías Sorzano Nájerak (1775-1862) eragin eta ospe handia izan zuen Orihuelako herrian. Izan ere, kolonietako produktuen merkataria eta finka-administraria zen. Beraren erretratua Vicente Lópezen heldutasun artistikoaren adibide zoragarria da. Gainera, argi eta garbi uzten du giro artistiko ofizialetan eta Isabel II.a erreginaren garaiko bezero dirudunen gustuetan ezarritako korronte erromantiko berriak bereganatu nahi zituela. Horrela, bada, arreta handiagoa jartzen du pertsonaien etxeko giroan. Beraz, ilunantzean dauden barrualdeetan lekuratzen ditu, bildutako gortina handien eta zuzendutako argidun leihateen alboan, batez ere, euren bizi-agerpena nabarmentzeko asmoz. Hemen, maisuak trebezia handiz egiten ditu begi distiratsu bezain urtsuak dituen zaldunaren aurpegia, eskuen modelaketa eta txalekoaren tolestura distiratsuak. Hori lortzeko, argi-efektuak modu harrigarrian erabiltzen ditu paper-sorten gainean dauden hatzetan, alkandoraren gainean azaltzen den betaurrekoen kordoiaren erliebean edo kontraleihoaren argi-gradazio sotilean. Honako elementu hauetan, ageri-agerikoa da hirurogeita zortzi urte zituenean ere margolari ezin trebeagoa zela: zimurren, bekain zein ile-zaingoetako ilearen eta alkandorako idunekoaren nahiz azazkalen distiraren azalpen xehea edo oihaletako tolesturen, agirien edo kolore desberdineko hodeidun zeruaren sentsazio uhindu bezain biguna.

Hasiera batean, jaioterrian ikasi bazuen ere, 1780an Vicente López Madrilera joan zen, San Fernandoko Arte Ederretako Akademian ikasteko asmoz. 1815ean, Fernando VII.ak lehen ganbera-margolari izendatu zuen, eta bere lan gehienak erretratuaren generoan egin zituen –ospetsuena 1826an margotu zuen Francisco de Goya da–. Horretarako, dohain artistiko bikainak izan zituen bere modeloen antzen eta oihal zein objektuen kalitateen irudikapenean. Erretratuak ez ezik, lan apaingarriak eta erlijiosoak, monumentuetarako proiektuak eta grabatuetarako marrazkiak ere egin zituen. [J.L.D.]  

Bibliografia hautatuta:

José Luis Díez. De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. [Cat. exp.]. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008, pp. 103-105, n.º 5, ad vocem.

José Luis Díez. Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao : Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2011 (1ª ed. 2006; ed. inglés; ed. francés; ed. euskera), p. 92, n.º 64, ad vocem.

Komentatutako lanak