X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Maisulanak

Manten pulsada la imagen para ampliar

Dardara-burdinak II

Eduardo Chillida

Donostia, 1924 - 2002

Dardara-burdinak II

Burdina forjatua, 28,5 x 63 x 25 cm

1956

Museoak eskuratua, 2003

Chillidak kaligrafia informalista –hau da, ezaugarri azkar bezain jarraitua– eta "zehaztu gabeko geometriako" forma trinkoagoak aukeratu zituen tarteka. Hori dela eta, espazialismora ere hurbildu zen. Lan bakoitzean, zalantza hori materialaren arabera ebatzi zen sarritan, eskulturagileak oso-oso kontuan hartu baitzuen gehienetan erabili ohi zituen burdinaren, egurraren, alabastroaren, hormigoiaren edo terrakotaren balio plastikoa desberdina zela. Dardara-burdinak II Chillidak 1956an Parisen ikusgai jarri zituen eskulturetakoa da. Izan ere, lan horiek nazioarteko onespenaren ateak ireki zizkioten. Bertan, burdinaren garapen lineala antzematen da, bere izaera grafiko zorrotza, bai eta nekazaritzako lanabesak, armak eta antzinako beste erreminta batzuk egiten zituzten olagizonen zereginarekin daukan lotura ere. Hain zuzen ere, badirudi Dardara-burdinak II lanean goldearen formaren abstrakzioa egiten dela, infinituaren adierazle bihurtuz eta, horren ondorioz, esangura metafisikoko objektu bilakatuz. Eskultura honetan, egileak adierazpide zailaren bilaketaren berri ematen digu, berezko grafismoaren garapen malgua eraman nahi baitu espaziora, burdina forjatua bezain gogorra den eta astiro eraldatzen den materialaren bitartez. Chillida arkitektura ikasten hasi zen Madrilen, baina hasi eta gutxira bertan behera utzi zuen eskultura lantzeko. Parisen egon ondoren, 1951n Euskadira itzuli zen. 1958. urtean, Veneziako Biurtekoko Eskultura Sari Nagusia lortu zuen. Chillidak Picassok, Julio Gonzálezek eta Pablo Gargallok hasitako burdinazko tradizio eskultorikoari eutsi zion, eta XX. mendeko bigarren zatiko funtsezko eskulturagileetako bat izan zen. Filosofoekin –Heidegger, Cioran– eta olerkariekin –Jorge Guillén– lan egin zuenez, agerikoa da bere lanek interes esentzialista zutela. [J.V.]

Maisulanak