Manten pulsada la imagen para ampliar
Erlikiari musu ematen
Joaquín Sorollaren hasiera artistikoak XIX. mendearen amaierako Espainiako akademizismoari lotuta daude. 1879an, Valentziako San Karlos Akademian ikasi zuen, eta, handik, Madrilera joan zen 1881ean. Une hartan, Velázquezen lana deskubritu zuen, horrek sekulako lilura sortuz berarengan. Pentsio bati esker, Erroman jarri zen bizitzen 1885eko hasierako hilabeteetan, eta, gero, Parisera joan zen, non abangoardia artistikoaren eragina jaso zuen. 1890eko hamarkadan, kritika sozialeko obrak eta obra kostunbristak egin zituen. Ondoren, estilo pertsonalagoa garatu zuen, eta, bertan, argia zen nagusi, normalean argi laua. Hori dela eta, inpresionistetatik urrundu egin zen eta arrakasta handia lortu zuen nazioartean, batez ere hondartzen gaineko margoekin. 1890etik aurrera, Madrilen bizitzen zegoelarik, Sorolla sendotuz joan zen artistikoki. "Erlikiari musu ematen" lana egin zuen garaian, izandako ikasketa desberdinak uztartu eta bere estilo propioa lantzen hasi zen, eta, kasu honetan gertatu zitzaion bezala, arrakasta handia izan zuen: hirugarren mailako domina Parisko Aretoan, aipamen bera Vienako Nazioarteko IV. Aretoan (1894an), eta, gero, lehenengo domina Arte Espainiarraren Bilboko Erakusketan. Denbora horretan, Sorollak marrazkiaren trebezian, deskribapen zehatzean eta argiaren eta kolorearen erabilera inteligentean oinarritu zituen bere konposizioak, gai kostunbristak eta, batzuetan, gai anekdotikoak ere landuz, burgesiaren gustuen arabera. Valentziako San Pablo elizako alboko kapera batean, parrokoak erlikia bat aurkezten du, fededunen prozesio batek gurtu dezan. Irudian, fededunak zain daude, erlikiari musu emateko. Horrek mezaren amaiera markatzen du, eta, une horretan, eliz mutil batek "estanpatxoak" saltzen ditu. Keinu horrek lanaren izaera kostunbrista nabarmentzen du. [J.N.G.]