X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Maisulanak

Manten pulsada la imagen para ampliar

Europaren bahiketa

Martin de Vos

Amberes, Belgika, 1532-1603

Europaren bahiketa

Olioa haritz-oholean, 133,7 x 174,5 cm

1590

Horacio Echevarrieta jaunaren dohaintza, 1919

De Vosek margo honetan islatzen duen gaia Ovidiok kontatu zuen bere Metamorfosiak lanean. Jupiter jainkoa, Feniziako Agenor erregearen alaba zen Europaz maiteminduta, zezen bihurtu zen, Europa bahitu zuen, Kretara eraman eta, han, bere egin zuen. Beste alde batetik, neskatoa, bahitua izan baino lehen, hondartzako ur-bazterrean ari da jolasten bere lagunekin, Merkurio zerutik dabilen bitartean aingerutxoz inguratuta. Horietako batek Jupiterren tximistak ditu eskuetan. Martin de Vos, bere estiloaren heldutasun betean, Tizianok 1559 eta 1562. urteen artean pintatutako konposizio batean inspiratu zen. Gaur egun, Tizianoren margo hori Bostongo Isabella Stewart Gardner Museumen dago. Margolariak abilezia handia erakusten du, eta ez soilik, tradizio flandestarrari jarraituz, hondoak eta xehetasun anekdotikoak pintatzean, ezpada emakumezkoaren biluzia islatzean ere. Biluzia sfumato bikainarekin izan da modelatua, eta badirudi argia haragi-koloreetatik sortzen dela, gardentasun lausoen bitartez. Tunika horiak eta zapi gorri uhindunak kolorea eta mugimendua ematen diote konposizioari. Azken batean, De Vosen kalitate eta interes handienekoa den lan honek, sintesi perfektua erakusten du estetika italiarraren eta bere prestakuntza flandestar finaren artean. Martin de Vosek, seguruenik, Pieter de Vos aitaren tailerrean hasi zuen bere karrera. 1552. urtearen inguruan, Italiara bidaiatu zuen Pieter Brueghel Zaharrarekin batera, eta Erroman eta Florentzian egon zen bizitzen. Venezian, Tintorettoren tailerretan aritu zen lanean, paisaia-pinturako espezialista gisa. 1558an, Anberesera bueltatzean, hiriko artista italianizatzailerik garrantzitsuena izatera heldu zen. [A.S.L.]

Maisulanak