Des potirons
Natura hila ohiko gaia da Barcelóren obran. Parisko estudioan pintatu zuen, eta materia da Des Potirons lanaren funtsezko elementua. Pinturaren eta paper-pastaren nahasketa trinkoa mihisearen azalera osotik hedatzen da, eta erritmo zentrifugoko eta lur koloreko ehundura lortzen da. Sarri askotan, Barcelók pinturakoak ez diren beste elementu batzuk sartzen ditu bere lanetan; esate baterako, honako honetan, kalabaza haziak eta zigarrokinak daude, eta horrek kutsu organikoa ematen dio lanari, materiaren eraldaketa iradokiz eta denboraren joana erakutsiz. 1998ko martxoan, margolariak hauxe idatzi zuen koadro honi buruz:"... nire koadro berria! kalabazaz egindakoa. Koadro zuriak pintatzen nituen garaiaz gogoratzen naiz [...]. Gaur egun berdin-berdin da, kalabaza, kipula eta tomateekin. Bat-batean, gauza pintagarri bakarrak horiek baino ez balira bezala da [...]. Larritasuna berbera da, eta mekanismoak ez ezagutzeak ez du ezer aldatzen". Miquel Barceló arte espainiar garaikideak duen figurarik aipagarrienetakoa da. Palmako (Mallorca) Dekorazio Arteen Eskolan eta Bartzelonako Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Nazioarteko arrakasta arin heldu zitzaion, 1981eko Sao Pauloko Biurtekoan eta 1982ko Kasseleko Documenta ekitaldian parte hartu ostean. Europa eta Estatu Batuetako zenbait herrialdetan eta Malin egindako egonaldiek markatu egin dute bere ibilbide emankorra, eta margoak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, eszenografiak, horma-irudiak eta zeramikak egin izan ditu. [M.G.M.]