X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Maisulanak

Manten pulsada la imagen para ampliar

Lot eta bere alabak

Orazio Gentileschi

Pisa, Italia, 1563-Londres, Erresuma Batua, 1639

Lot eta bere alabak

Olioa mihisean, 226 x 282 cm

1628

Museoak eskuratua, 1924

1626an, Ingalaterrako Karlos I.a erregeak Londresera gonbidatu zuen Gentileschi, eta zenbait neurritako mihiseak enkargatu zizkion; tartean, hau. Bertan ikusten da zelan egiten duten alde Lotek eta bere familiak, Sodoma suntsituko zutelako abisua jaso ostean. Bidean, Loten emaztea (paisaian figura txiki gisa dago pintatuta) gatzezko estatua bihurtu zen, Jainkoaren aginduei kasu egin ez eta sutan zegoen hirirantz begiratzeagatik. Lot eta bere alabak kobazulo batean sartu ziren, eta alabak beldur zirenez munduan bakarrik geratuko ote ziren, aita mozkortu zuten, berarekin ondorengoak izateko. Gentileschik leuntasunez iradokitzen du gai labainkor honen erotismoa, zeina modu sinbolikoan baitago erabilita Ingalaterrako Gortearen kezka dinastikoen testuinguruan. Mahatsondoak, lurrean isuritako ardoak eta pitxerrak Loten horditasunari egiten diote erreferentzia. Gentileschik lehenago ere jorratu zuen gai hau Genoan, eta, oraingoan, konposizio ireki eta landua erakusten du, non hiru figurak, ia-ia tamaina naturalekoak, atzealde ilunaren gainean nabarmentzen baitira, argi biziarekin. Loten tunika distiratsuaren eta bere alabetako baten mantuaren ezaugarriak (azken hori urdin distiratsuz dago pintatuta) maisutasun handiz daude islatuta. Londresen igarotako etapa honetan, Gentileschiren pinturak estilo fin eta koloretsuranzko bilakaera izan zuen, eta lan hau estilo horren adibide bikaina da. 1628tik, artelan hau Whitehall Jauregian egon zen ikusgai, eta, gero, Greenwichekora eraman zen, Karlos I.aren emazte zen Henrietta Maria erreginaren nahiari jarraituz.XVII. mendearen hasieran, Gentileschi Caravaggiorekin batera egon zen Erroman; haren jarraitzailerik aipagarrienetakoa izan zen, eta bere estiloa dotoretasun handienarekin eta tenebrismorik txikienarekin islatu zuena. Erroman, Genoan eta Turinen egin zuen lan, gero Parisen (Medicisko Mariaren zerbitzupean), eta, azkenean, Londresen jarri zen bizitzen. [A.S.L.]

Maisulanak